X

Irratia zuzenean

Zeu%20Zara%20EiTB%20sariak.%20Gogokoenak%20bozkatu!%20|%20Zeu%20zara%20EiTB

ZEU ZARA EITB

Zeu Sara EiTB Basauri: Sari banaketa irailaren 20an Social Antzokian

ZEU ZARA EITB

Basauri

Zeu Zara EiTB sarien hurrengo edizioa Basaurin izango da

2017/07/21

Basauriren alde lanean ahalegindu diren herritarrak sarituko ditu irailaren 20an izango den ekitaldian.

0:25
  • Partekatu
  • Bidali

Iruzkinak

Euskal Irrati Telebistak Zeu Zara EiTB ekimenaren laugarren ekinaldia jarri du abian, Basauri protagonista hartuta. Euskal herri nabarmenetan ekarpena egin duten pertsona, elkarte eta proiektuak saritzea du helburu. Herri bakoitzean, lehendabizi, komunikazio eta informazio kanpaina bat egin ohi du EiTBk. Ondoren, horri amaiera emateko, Zeu Zara EiTB sariak banatuko ditu.

Egitasmoa Basauri Social Antzokian aurkeztu dute gaur, eta sariak banatzeko ekitaldia ere han egingo dute, irailaren 20an. Prentsaurrekoan, Andoni Busquet Basauriko alkateak eta Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak hitz egin dute. Sariak jasotzeko hautagaietako batzuk ere izan dira bertan.

Herritarrengandik hurbilago egoteko sortu zuen euskal komunikazio taldeak Zeu Zara EiTB ekimena iaz. Aurreko saioak Barakaldon, Gasteizen eta Irunen egin ziren, eta oso ondo hartu zituzten bertakoek. Basauriren ostean, datozen hilabeteetan, beste zenbait euskal herri esanguratsu izango dituzte protagonista. Telebista, irrati eta Internet bidez jarraipen zabala egingo zaie guztiei.

"Basaurin harro gaude, batez ere, auzokoek, elkarteek eta enpresek herriarekin duten lotura eta konpromisoaz. Baita zenbait elkartasun, kultur, kirol, gizarte eta ekonomia ekimenekin dagoen konpromisoaz. Herri honetako ‘indar biziak’ oso bizirik daude, eta edozein onespen keinu ez da nahikoa izango egiten duten guztia aitortzeko", esan du Andoni Busquet alkateak.

Zeu Zara EiTB sarien bitartez, elkarte, enpresa, erakunde eta norbanakoen lana aitortu nahi dela esan du Maite Iturbe EiTBko zuzendariak. "Ekimen honen bidez, gure herrietako eta hirietako herritarrengana are gehiago hurbildu nahi dugu, elkartzen gaituzten loturak estutu, bertako pertsonek eta taldeek gure gizartearen garapenean egiten duten lana nabarmenduz", gaineratu du.

EiTBk Basauri zergatik aukeratu duen azaltzean, honakoa erantsi du Iturbek: "Basauri oso herri sendoa eta eraginkorra da, Bizkaiko herri jendetsuenetakoa da gainera. Gizartearen, ekonomiaren eta kulturaren aldetik oso bizia. Beti ekiteko eta aurrera begiratzeko prest dagoen herria da. Erakunde eta elkarte garrantzitsuak ditu eta hainbat alorretako pertsona ezagunen jaioterria da".

Sariak sei sailetan banatu dira, eta bost hautagai ditu bakoitzak, Dendarik Onena kasuan izan ezik. Sail honetan botoa emanez parte hartzen duenari bere proposamena egitea eskatuko zaio.

'Zeu Zara Solidarioa' saria herritarrei zuzenduta egongo da, eta elkarteek egindako elkartasun ekintzak sarituko ditu. Hauek dira hautagaiak: San Jose Ikastetxea (Boliviako amaetxearen aldeko kanpaina), Azoka Solidarioko Emakumeen Batzordea, Zure Ondoan Basauri (tratu txarren biktimei laguntza ematen dien elkartea), Basauriko Elikagaien Bankua eta Herriko Taldeak (helburu solidarioa duten jai ekimenak).

'Zeu Zara Gure Enpresa' sariarekin herriaren memoria kolektiboan dagoen enpresa baten lana nabarmenduko da. Gaur egun eredu eta ikur den enpresa sarituko dute, herriarentzat duen esanahiarengatik eta garai berriei egokitzeko izan duen gaitasunarengatik. Sail honetan, Bridgestone, Sidenor, Hilfa Tailerrak, Grafilur eta Virtualware ditugu.

'Zeu Zara Dendarik Onena' sariak betiko denda edo jatetxe baten lana gailenduko du, denboran zehar oztopoei eta arazoei aurre egiten jakin duen saltoki edo ostalaritza-lokal bat. Sail honetan herritarrek proposatuko dute hautagai bat.

'Zeu Zara Gure Kutuna' sariak herritar bat nabarmenduko du, bere ibilbide pertsonal edo profesionalarengatik onespen publikoa merezi duelako. Proposatutako izenak hauek dira: Peto Lezameta (Edurre dantza taldea, 60. urteurrena), Itziar Ituño (aktorea), Juan Ignacio Azurmendi (Basconia Kirol Klubeko presidentea), Javier Alzola (musikaria) eta Juan Reyes (Basauri eskubaloi taldea).

'Zeu Zara Ingurumenaren Laguna' sariak ingurumenaren, klima aldaketaren eta biodibertsitatearen zaintzaren errespetua islatu nahi du. Jendartea arduratzen duten gai horietan, datozen belaunaldiei mundu hobea uzteko lanean diharduten pertsona, elkarte edo enpresa sarituko du. Honako hauetako bati eman beharko diote botoa: Sagarrak Ekologista Taldea, Basauriko Mikologia eta Natur Zientzia Elkartea, Baskonia Mendi Taldea, Kareaga Auzo Elkartea eta San Migel Bizirik.

Azkenik, 'Zeu Zara Gure Enbaxadorea' sariak kulturan, ikerkuntzan edo kirolean Basauri gure mugetatik at ezagunagoa izan dadin ahalegintzen den pertsona edo erakunde bat goraipatuko du. Jesus Lizaso (artista), Naroa Intxausti (sopranoa), Agustin Ibarrola (artista), Nerea Elicegui (Zuazoko eskubaloi jokalaria) eta Urbil Institutua (Alemaniarekin eskola-trukea) izango dira hautagaiak.

Bozketa zabalik gaurtik aurrera

Hautagaien aldeko botoa eitb.eus webgunearen bitartez eman ahal izango dute herritarrek gaurtik aurrera. Bozkatuenak saria jasoko du irailaren 20an, Basauri Social Antzokian 19:30ean izango den ekitaldian. Umorea eta musika ez dira faltako, eta, besteak beste, Dead Broncoren emanaldia izango da.

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena