25 urte

25 urte

25 urte

25 urteurrena

'Gaztea, 25 urte' telebista gala, gaur, ETB1en

25.urteurreneko ospakizunekin jarraituz, telebista-gala berezia, kontzertuak, Youtuber lehiaketa, eta sorpresaz beteriko Maketa Lehiaketa eta Gaztea Dantzan lehiaketen edizio berriak antolatuko dira.

0:36

Gazteak sorpresaz eta ekitaldi bereziz beteriko 25.urteurrenaren ospakizunekin jarraituko du hurrengo egunetan. Joan zen larunbatean (martxoak 21), urtemugaren egunean, eitb.eus-en zuzenean ikusgai izan zen programazio bereziarekin hasi ziren ekitaldi bereziok. Gaur izango dugu beste ospakizun garrantzitsua: Gaztearen 25 urteak gogoratuko dituen telebista gala berezia eskainiko du ETB1ek, gaueko 22:50etik aurrera.

Horrez gain, hurrengo hilabeteetan Euskal Herrian barrena eta musika jaialdi ezagunenetan emango diren hainbat kontzertu bultzatuko ditu Gazteak. Halaber, euskal gazteei zuzendutako Youtuber lehiaketa berria jarriko du martxan, Youtube bideo plataformaren barruan kanal euskaldunak bultzatzeko ekimena. Urtero bezala, Maketa Lehiaketa ere abian da; irratiaren 25. urtemugaren ildotik , hainbat sorpresa eta berrikuntza izango dituena. Azkenik, Gaztea Dantzan lehiaketa arrakastatsua eta Gaztea Cover ekimena antolatuko dituzte berriro.

Hogeita bost urteko ibilbidearen ondoren, euskarazko irrati liderra izatea lortu du Gazteak. CIESen azkeneko datuen arabera, 119.000 pertsonek entzuten dute Gaztea egunero, Euskal Herrian irrati musikal entzunen artean dago, eta  lider da Gipuzkoan. Gaztearen webguneak, halaber, hilero 51.454 nabigatzaile bakar lortu zituen 2014. urtean.

'Gaztea, 25 Urte' telebista gala

Julen Telleriak aurkeztuta, musika, dantza, umorea eta sorpresa ugari bilduko ditu 'Gaztea, 25 Urte' telebista gala bereziak. Besteak beste, Hesian, Enkore eta Vendetta taldeek parte hartuko dute, eta Vendettak, gainera, bere azken singlea aurkeztuko du, 'Ilunpean'.

Halaber, Gaztean jarri zen lehenengo kanta entzun eta ikusi ahal izango dute ikus-entzuleek oso modu berezian. Izan ere, Gazteako esatariek, Demode Quartet taldearekin batera, Hertzainak taldearen 'Aitormena' abestuko dute. Baina ez da hori Gazteako esatariek prestatu duten sorpresa bakarra. Mark Ronson eta Bruno Marsen 'Uptown funk' abestiaren doinuei jarraituz, dantzan ikusiko ditugu Julen Telleria, Joseina Etxeberria, Jon Gotzon, Ibon Fernandez, Joseba Sacristan, Amaia Artetxe, Ainhoa Urretabizkaia, Ainhoa Vitoria, Edurne Garmendia eta Maider Gorostegi bideoklip batean.

Telebista galak gonbidatu asko izango ditu, besteak beste, Jakeline Barker Gazteako lehen ahotsa eta Klaudio Landa. Eurekin batera, Julian Iantzi eta Nakor Markez kolaboratzaileek parte hartuko dute. Gaur egungo Gazteako esatari guztiak ere bertan izango dira, eta Julen Telleriarekin saioaren atal desberdinak aurkeztuko dituzte.

Urte hauetan guztietan Gazteak egin dituen lehiaketak ere ekarriko dituzte gogora: bideoklipena, Lipdub edo Gaztea Dantzan, besteak beste. Hain zuzen ere, Gaztea Dantzan lehiaketan ikuslegoaren saria lortu zuen Bilboko Hop Familia dantza taldea zuzenean arituko da platoan.

Gazteak teknologietan eta sare sozialetan presentzia handia du, eta  hauek ere tarte garrantzitsua izango dute saioan. WhatsApp, Twitter edo gaur egun gazteen artean horren modan dauden 'Yotuber' delako atalek presentzia izango dute larunbateko telebista galan.

Telebista galak ikus-entzuleen partaidetza izango du eta pantailan ikusgai izango dira  #gaztea25 traolarekin egindako komentario guztiak. Halaber, galan ateratzen diren argazkiak Gaztea irratiko web atarian jarriko dira.

Maketa Lehiaketa

Urtero bezala, Gazteak Maketa Lehiaketa jarri du martxan. 25garren urteurrena kontutan hartuz, sorpresa ugari dakartza aurtengo edizioak. Izan ere, lehiaketaren finala Bilboko Kafe Antzokian ospatuko da, apirilaren 30ean, eta lehiakideek sari berezia izango dute jokoan: minidisko baten grabazioa, Oiartzungo Mecca Recording Studioen eskutik. Horrez gain, beste bi sari banatuko dira: alde batetik, entzuleen saria, eta bestetik, Kafe Antzokiak berak emango duen sari berezia.

Diskoetxe batekin inolako kontraturik ez duten Euskal Herriko talde eta bakarlari guztiek parte hartu ahal izango dute lehiaketan, eta ez da inolako mugarik jarriko musika estiloari dagokionez. Urteetan zehar asko izan dira Maketa Lehiaketa irabazi eta ezagutzera eman diren talde euskaldunak: Belako, Kerobia, Seiurte eta Zea Mays, besteak beste.

Youtuber lehiaketa

Gazte euskaldunen sormen maila handia ikusita, erronka berria proposatuko du Gazteak, oraingo honetan, ikus-entzunezkoari dagokionez. Youtube bideo plataformaren barruan, euskarazko kanalak bultzatzeko helburuarekin, Youtuber lehiaketa berria jarriko du abian Gazteak. Abendura bitartean, aldizka, bideo eta kanal onenak sarituko ditu irratiak. Gazteak laster iragarriko ditu lehiaketa berezi honetan parte hartzeko oinarriak.

Gaztea Dantzan

Azkenik, Gaztea Dantzan lehiaketa antolatuko dute. Iaz, lehiaketaren lehenengo edizioak 100 partaidetik gora izan zituen, eta Gazteako webgunera 106.933 nabigatzaile erakarri zituen.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea