Ahotsenea

Ahotsenea

Ahotsenea

Durangoko Azoka 2017

Asteazkenean irekiko dute Ahotsenean izena emateko epea

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Beti bezala, argitalpen berri bat aurkezteko asmoz dabiltzan sortzaileen topaleku bihurtuko da Ahotsenea. Zuzeneko (kontzertu) zein solasaldi bidez aurkeztuko dira lan guztiak.

  • Ahotsenea 2016. Argazkia: EiTB

    Ahotsenea 2016. Argazkia: EiTB

Durangoko Azokaren 52. edizioa prestatzen ari dira jada antolatzaileak. Aurten ere, bost egun iraungo du (abenduaren 6tik 10era) musika eta literatura ardatz dituen Euskal Herriko azoka ezagunenak.

Egun horietan, askotariko jarduerak eta ikuskizunak antolatuko dituzte Bizkaiko aipatu udalerrian. Gainera, arlo ezberdinak jorratuko dituzten zenbait gune aurkituko ditugu Durangoko Azokan; Ahotsenea sortzaileen gunea, kasu.

Beti bezala, argitalpen berri bat aurkezteko asmoz dabiltzan sortzaileen topaleku bihurtuko da Ahotsenea. Azken orduotan jakinarazi dutenez, asteazkenean, urriaren 4an, zabalduko dute bertan izena emateko epea.

Baldintzak

Hala, 09:00etatik aurrera, aipatu gunean egon nahi duten musikariek zein idazleek eskaerak bidaltzeko aukera izango dute. Horretarako, bi dira bete beharreko baldintzak: batetik, euskaraz sortutako lanak izatea, eta, bestetik, 2017an argitaratutako proiektuak aurkeztea (euskarria edozein izan daiteke).

Zuzeneko (kontzertu) zein solasaldi bidez aurkeztuko dira Ahotsenea guneko oholtzatik pasatzen diren proiektu guztiak. Solasaldiek, besteak beste, errezitaldi, performance edota emanaldi akustiko itxura izan dezakete.

Eskaera horiek posta elektroniko bidez jasoko dituzte, ahotsenea@durangokoazoka.eus helbidean. Garrantzitsua da Ahotsenearen webgunean eskuragarri izango duten fitxa betetzea, horixe atxiki beharko baitute izen-emaileek posta elektronikoz bidali beharreko mezuan.