Azkena Rock

ARF Rock Party

Azkena Rock Festivalek talde lehiaketa bat antolatu du, bertan jotzeko

Erredakzioa

Jaialdiaren 2015eko edizioan joko dute talde edo bakarlari irabazleek. Izena emateko epea azaroaren 18an irekiko da, eta Gasteizen, Malagan, Bartzelonan, Valentzian, Vigon eta Madrilen gauzatuko da.

  • Azkena Rock 2014

    Azkena Rock 2014

Azkena Rock Festival Gasteizko musika jaialdiak azaroaren 18an abiatuko du ARF Rock Party bakarlari eta taldeentzako lehiaketa. Gasteizko rock topaguna ekainaren 19 eta 20an egingo dute, Last Tour antolatzaileak bere garaian iragarri zuenez.

Izena emateko epea eta Interneten bozkatzeko epea urtarrilaren 22ra arte egongo da zabalik, eta jaialdiak Facebooken daukan orria erabili beharko da horretarako. ARF Rock Party sei hiritan egingo dute: Gasteiz, Malaga, Bartzelona, Valentzia, Vigo eta Madril. Parte-hartzaile bakoitzak izena zer egoitzatan eman nahi duen erabaki behar du, eta gero jaialdiak Facebooken duen orrian informazioa sartu eta kantuak igo.

Egoitza bakoitzean hiru finalista egongo dira, eta zuzenean neurtuko dituzte indarrak Azkena Rock Festivalen jotzeko txartel baten bila. Saio bakoitzeko finalista bat publikoak aukeratuko du, bozketa bidez, eta beste biak sektoreko profesionalek osatutako epaimahai batek. Azkenik, epaimahai horrek erabakiko du hiri bakoitzeko talde edo bakarlari irabazlea eta horietako zein izango diren 2015eko Azkena Rocken joko duten hirurak.

Hiru irabazleetako bakoitzak 500 euro jasoko ditu, jaialdiko kontzertuaren egunean ostatua eta bidaia gastuak ordaintzeko. Gainera, gainerako 15 talde finalistetako kide guztiek Azkenako bonu bana jasoko dute.

Finalisten izenak urtarrilaren 29an iragarriko dituzte, eta finalak martxoan izango dira: hilaren 13an Gasteizen (Jimmy Jazz), 14an Malagan (Eventual Music), 20an Bartzelonan (Music Hall), 21ean Valentzian (Loco Club), 27an Vigon (Iguana Club) eta 28an Madrilen (Sol).

Highlights

Halaber, antolatzaileek jaialdiaren 14. edizioko kartelean, Red Fang, The Dubrovniks eta Chuck Raganekin batera, Higlights bizkaitar taldea ere egongo dela iragarri dute. Euskal Herriko talde onenaren saria irabazi berri dute bizkaitarrek Bilbo Hiria Pop Rock Lehiaketan.