Bilbao BBK Live 2024

Bilbao BBK Live 2024

Bilbao BBK Live 2024

Jaialdia

Bilbao BBK Liven kanpatu ahal izateko sarrerak, agortuta

Luzia Zugadi

Kanpatzeko baimenik ematen ez duten sarrerak ere agortzear daude. Igandean, % 50eko deskontua duten bonu bereziak salduko dituzte Bilboko BBK Salan.

Hilabete falta da Bilbao BBK Liveri hasiera emateko, eta dagoeneko agortuta daude jaialdian kanpatzeko eskubidea eskaintzen duten bonu bereziak zein egun bakarrerako sarrerak.

Gainera, bestelako 500 bonu baino ez dira geratzen, eta eguneko sarrerak (kanpalekurako baimenik gabekoak) agortzear daude.

The Black Keys, The Prodigy eta Franz Ferdinand taldeen zuzenekoek ikusmin handia piztu dute jarraitzaileen artean, eta uztailaren 10etik 12ra bitartean Kobeta mendira gerturatzeko asmoa dutenek garaiz eskuratu dituzte sarrerak.

Dena den, oraindik bonua esku artean ez dutenentzat eskaintza berezia abiatuko dute, Heineken enpresaren eskutik, hurrengo igandean. Hain zuzen ere, Bilboko BBK Sala aretoan, 12:00etan hasi eta 15:00ak arte, 100 bonu jarriko dituzte salgai, % 50eko deskontuarekin, eta 17:00etan berriro irekiko dute txarteldegia beste 100 bonu eskaintzeko.

Esan bezala, uztailaren 10ean ekingo diote Bilbao BBK Live jaialdiaren bederatzigarren edizioari, eta, aipatutako talde eta artista horiez gain, besteak beste, hauek arituko dira bertan: Phoenix, Jack Johnson, MGMT, Crystal Fighters, Hercules & Love Affair, Vetusta Morla, Foster The People eta The Lumineers.