Bilbao BBK Live 2024

Bilbao BBK Live 2024

Bilbao BBK Live 2024

Bigarren eguna

alt-j eta Ben Harper nagusi, Bilbao BBK Liveren bigarren gauean

Natxo Velez | eitb.eus

Ingelesek eta kaliforniar musikariak agindu zuten Kobetan, nork bere estiloan, The Jesus & Mary Chain kartelburuak “Psychocandy” diskoa osorik joz fanentzako kontzertua eskaini zuen gauean.

0:52

Bilbao BBK Live jaialdiak egitarau oparo eta askotarikoa aurkeztu zuen bigarren gauerako kartelean: The Jesus and Mary Chain ziren, berez, eguneko kartelburuak, eta Reid anaiek gidatutako taldeak Psychocandy diskoa goitik behera joko zuela iragarrita zegoen, gainera. Kartelean bigarren mailan agertzen ziren jaialdiko lagun zahar bik, alt-j taldeak eta Ben Harper handiak, ase zituzten, halere, beren bigarren bisitaldian, Kobetara bertaratutako gehienen itxaropenak, bakoitzari eska dakiokeena eurrez emanik.

Atzokoa kontrasteen gaua zen: rocka, popa, rapa? Denetariko tokia zegoen, eta hala izan zen zinez. Nazca Gaztea maketa lehiaketa irabazi duen taldeak eman zigun jaialdiaren eremurako ongietorria: ilusio handiz ari ziren beren saria, agertoki nagusian jotzeko aukera, gozatzen.

Bukatutakoan, jaialdian ohikoak eta eskertzekoak izaten diren arratsaldeko sorpresa atsegin horietako bat aurkitzeko itxaropenez (gogora datorkit arratsaldez eta jendetzarik gabe The Gaslight Anthem, Stone Sour edo Vetusta Morla deskubritzeko aukera eman izan duela jaialdiak hamar urteotan, esaterako), We Were Promised Jetpacks ikustera abiatu ginen, ?Quiet Little Voices? beren kantu biribilak hauspotuta.

Eskoziarrek arrasto indie-ko pop rock atsegina aurkeztu zuten, doinu gozokoa, eta rock inarrosaldi batzuei ere bide egin zieten, publikoarekin konektatu zutenak. Bilboko publikoaren aurrean melodia eraginkorrak saretzeko gauza direla erakutsi zuten arren, talde atsegin baina otzanaren trazak hartu genizkien oraindinokarren.

Jarraian, jaialdi eklektiko batean haririk balego berori etengo lukeen proposamena etorri zen: Azealia Banks rap kantariarena. Puntualtasuna lege izan duen jaialdian newyorktarrak araua hautsi zuen, eta hamar minutuko atzerapenaz taularatu zen, ?I wanna be free? oihukatuz. DJ batek eta, tarteka, dantzari bikote batek lagunduta, ez zen ?212? arrakastatsua falta izan, kantu zerrendan. Haize berriekin konektatu edo ez, eskertzekoa dira, nolanahi den, haustura estilistikoak horrelako musika topaguneetan.

Banksen lekukoa James Bayk hartu zuen, bigarren agertokian, ohi duen bezala kapela soinean zuela, eguneko kontzertu azpimarragarrienetakoa egiteko. Ingeles gazteak kantu intimistak aurkeztu zituen emanaldiaren hasieran, eta biziagora jo zuen gero, ahots garden ederra oinarri, zenbaitetan rock klasikoaren usaineko soinu biribila lortzeko. ?If I Ain't Got You? Alicia Keysen bertsio pertsonala ere eskaini zuen karisma handiko frontman-ak. Amua bota zuen kontzertu laburrean, eta areto batean jotzeko itzultzen denean atzo gehiagorako gosez gelditu ginenetako asko eramango gaitu arrastaka haritik tiraka.

Kartelburu ofizial eta ofiziosoak

The Jesus and Mary Chainek ordubeteko kontzertu zuzena eman zuen: ohikoak dituzten distortsio saturatuak eskaini zituzten tregoarik gabe, erakuskeriarako tarte izpirik utzi gabe eta Jim Reiden ahotsa giro itogarrietan uztartuta. Shoegazing-aren, hots, zapatei begira jotzeko ohituraren, aitzindari batzuei dagokienez, publikoarekin ez zuten harremana sendotzeko saiakerarik ere egin, eta inoiz beste edozein kartelburuk baino jende gutxiago bildu zuten eskoziarrek agertoki aurrean. Horrek, halere, ez dauka zertan txarra izan halabeharrez, helburua zein den; Edward Nortonek Birdman film sarituan gorpuzten duen pertsonaiak esaten duen bezala, gogoan izan dezagun popularitatea "prestigioaren senide lizuna" besterik ez dela.

The Jesus and Mary Chain Argazkia: MusicSnapper

Jim Reid (The Jesus & Mary Chain). Argazkia: MusicSnapper (Last Tour)

Eskoziarren emanaldiaren ostean, Alt-j-ri txiki gelditu zitzaion atzokoan bigarren agertokia, eta taldeak zur eta lur utzi zituen bildutakoak argi joko ikaragarri batez. Haien proposamen original, berritzaile eta perkusiboak dantzan jarri eta atmosfera xurgatzaileetan bildu zuen publiko jendetsua, eta azpimarratzekoa izan zen Thom Green bateria-jotzailearen lana. Duela bi urteko bisitan ezarritako langa koska bat gorago jarri zuen itzulera honetan taldeak: nork daki nora arte igoko duten etorkizunean...

Bien bitartean, Zea Mays bilbotarrek hankaz gora jarri zuten karpa. Etxean jokatzen ari zen jakitun, gozatu egin zuen laukoteak "Da" disko berriko kantuak eta errepertorioko klasikoak jotzen. Karpako oihalari eustea erronka izan zen zutabeentzat azken kantuan, publikoaren saltoek batetik bestera ibili baitzuten egitura Kukutzaren aldeko kantua jotzen zuten bitartean.

Agertoki nagusira itzulita, ezin genion Ben Harperrekiko hitzorduari muzin egin. Kaliforniarra artista geldigaitza da, bulkada artistikoei mugarik jartzen ez dien horietakoa, eta, besteak beste, amarekin, Relentless7 rock bandarekin edo Blind Boys of Alabama gospel abesbatzarekin grabatu du azkenaldian. Bart, The Innocent Criminals betiko taldeak lagunduta itzuli zen Bilbora, zuzeneko txundigarria eskaintzeko.

?Burn one down?ekin ekin zion Harperrek emanaldiari, eta lehen bospasei kantuetan behar baino apalago entzuten zen seikotearen musikaren bolumena; hori da kontzertuaren aurka esan daitekeen bakarra.

Harper zutik gitarra akustikoa zein elektrikoa hartuta edo lap steel gitarra altzoan zuela, klasikoen errepaso xarmangarria eman zuen taldeak, Juan Nelson baxu-jotzaile erraldoiaren erritmoak bultzatuta: ?Burn to shine?, ?Glory & consequences?, ?Steal my kisses?, ?Diamonds on the inside? balada goxoa, publikoaren ahotsak lagunduta, ?Roses to my friends? hunkigarria, ?With my own two hands? reggae jostagarria?

ben harper argazkia: musicsnapper

Ben Harper, "With my own two hands". Argazkia: MusicSnapper (Last Tour)

Amaieran, ?Amen omen?en bertsio luzatu eta zorgarriak zerutik gertu utzi zituen zaleak ordubete luzeko emanaldi gogoangarrian. Publikoak eskatuta, ?Better way? eskaini zuen taldeak, sari gisa, emozionatuta.

Gaur, Musek aginduko du Kobeta mendian. Eta guk bihar kontatuko dizuegu.