Cover

Cover

Cover

Gaztea Cover

Umami taldeak irabazi du 2022ko Gaztea Cover lehiaketa

B. F. | EITB Media

Final handiko lehen fasea gaindituta, Danel Sarasuarekin lehiatu dira. 2.000 euroko saria eraman du talde gasteiztarrak. Entzuleen Saria, ostera, Uxue Kerejetak irabazi du.

2:00
Umami, saria jasotzen

Umami talde gasteiztarra da aurtengo Gaztea Cover bertsio lehiaketako irabazlea, Leire Letu, Ainhoa Arroitajauregi eta Chica Sobresaltok osatutako epaimahaiak hala erabakita. Lehiakide guztien bertsioak entzunda, epaimahaikideek bi aukeratu dituzte superfinalerako: Umami eta Danel Sarasua.

Musika eskolan ezagutu zuten elkar Umami taldeko kideek, eta Chan Chan kubatar abestia aukeratu dute final handian lehiatzeko. Gaueko bigarren fasean, ostera, Amy Winehousen Valerie.

Danel Sarasua aretxabaletarrak, bere aldetik, Bulego eta Marenen "Ezer ez da berdina" kantaren coverra eskaini du lehen fasean, eta ZETAKen "Zeinen ederra izango den" bigarrenean.

Emanaldiak bukatuta eta asko pentsatu ondoren, epaimahaiko kideek irabazlea aukeratu eta Txirula musika dendan gastatzeko 2.000 euroko txekea eman die Umami taldekoei.

Bertsio lehiaketako bigarren garaikurra, berriz, Uxue Kerejetak eraman du. Xabi Bandiniren "Zalantza eta egia" abestiaren bertsioarekin eskuratu du 1.000 euroko saria.

Superfinalerako sailkatzerik izan ez duten arren, IVP bikoteak, Unai Cantabranak eta Krusak hirukoteak txalotzeko moduko zuzenekoak eskaini dituzte.

Final handiak ikus-entzuleen babesa jaso du; izan ere, Entzuleen Saria erabakitzeko martxan jarritako bozketak 400 bozetik gora izan ditu saioak iraun duen bitartean.