Dantzan

Dantzan

Dantzan

Urriaren 6tik aurrera

Martxan da Gaztea Dantzan lehiaketaren bigarren edizioa

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Azaroaren 9ra arte jasoko ditugu zuen koreografiak. Animatu eta parte hartu, sari potoloak daude eta jokoan!

0:35

Iazko arrakastaz jabetuta, Gaztea Dantzan lehiaketaren edizio berri bati ekitea erabaki dugu. Gaur abiatu dugu erronka. Izan ere, dagoeneko hasi gara Gazteako erabiltzaileen bideo-lanak jasotzen. Aitzakiak alferrikakoak dira, azaroaren 9ra arte baituzue zuen bideoak bidaltzeko.

Gainera, ez gara zorrotzegiak izango, eta koreografiek baldintza bakarra bete beharko dute: gutxienez 30 segundoko iraupena izan behar dute. Hori bai, halaber, garrantzitsua izango da erritmoz betetako dantzaldi dibertigarriak eta alaiak sortzea. Kontsultatu oinarriak, hemen.

Botazio-fasea

Esan bezala, azaroaren 9ra arte jasoko ditugu erabiltzaileen bideoak. Behin lan horiek esku artean ditugula, hiru egun izango ditu epaimahaiak aukeraketa egiteko. Hala bada, azaroaren 12an ekingo diogu botazio-faseari. Hortik aurrera, zuena izango da azken erabakia. Astebetez, azaroaren 18ra arte, nahi beste boto emateko aukera izango duzue Gazteako erabiltzaileok.

Egun bat geroago, hilaren 19an, 'Dida' saioan iragarriko dugu irabazlearen izena.

Sariak

Sari potoloak daude jokoan oraingo honetan ere. Gainera, ohiko sariez gain, bideo onenak 500 euro jasoko ditu. Horretaz aparte, 1.000 euro eskuratuko ditu Entzulearen Saria eramaten duenak; 500 eurokoa, bigarren sarituak, eta 300ekoa, hirugarrenak.

Bestalde, Epaimahairen Sariak 750 euro emango dizkio talde onenari, eta 500 euro, bikote edo bakarlari onenari.

Bidea zabalik dago; zuen bideoak jasotzea besterik ez zaigu falta. Animatu eta parte hartu!

Lehenengo edizioko irabazleak