Dantzan

Dantzan

Dantzan

Irabazleak

Gaztea Dantzan 2015: 'Light it up' eta 'Do you wanna dance', garaile

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Horiek ez ezik, beste lau koreografia ere saritu ditugu. Guztira, 3.000 eurotik gora banatu ditugu sei sarituen artean. Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi.

2:07

Heldu da eguna. Duela gutxi "Dida" saioan iragarri ditugu Gaztea Dantzan lehiaketaren bigarren edizioko irabazleak. Sarituen izenak ikusgai dituzue dagoeneko Gaztearen webgunean.

Guztira sei sari banatu ditugu, batzuk besteak baino potoloagoak. Hartara, "Light it up" izan da oraingo honetan entzuleen botoei esker lehenengo postuan sailkatu dena. Bigarren lekuan, berriz, "Do you wanna dance" kokatu da, baina Epaimahaiaren Saria ere eraman du.

Horiek, ordea, ez dira sari bakarrak izan. Entzulearen hirugarren saria "BBHMM" dantzaldiarentzat izan da. Epaimahaiaren gainerako bi sariei dagokienez, "Ghost writer" eta "Forward Thinking" bideolanek eskuratu dituzte golardoak: lehenak, bakarlari edo bikote onenaren saria lortu du; eta bigarrenak, ostera, bideo onenarena.

Oro har, kalitate handiko lanak aurkeztu dituzte parte-hartzaileek bigarren edizio honetan. Eskerrik asko, beraz, koreografiak bidali dituzuen guztioi, egindako esfortzuagatik eta lan onagatik.

Sariak:

ENTZULEAREN SARIAK

Lehenengo postuan: "Light it up" (3.822 boto)

Bigarren postuan: "Do you wanna dance" (3.502 boto)

Hirugarren postuan: "BBHMM" (724 boto)

EPAIMAHAIREN SARIAK

Talde onenaren saria: "Do you wanna dance"

Bakarlari edo bikote onenaren saria: "Ghost writer"

Bideo onenaren saria: "Forward Thinking"

Irizpideak:

Epaimahaiak lan nekeza izan du hiru irabazleak aukeratzen. Zein dira, baina, hogei finalistetatik aipatu hiru lanak hautatzeko hartutako irizipideak?

"FORWARD THINKING" (Zarautz / Mutriku)

Zarauzko hondartzan girotutako bideolan zoragarria da. Freskagarri edo garagardo etxeren bateko iragarkia badirudi ere, Gaztea Dantzan lehiaketara aurkeztutako lan bat baino ez da. Bertan, lau gizonezko ageri dira dantzan, trebeziaz eta era txukunean egindako mugimendu eta akrobaziekin.

Aukeratutako izenburuak "etorkizunera begira" adierazi nahi du, eta horixe berori erakusten du bideoak ere; etorkizun handia duen lagun-taldea dela, alegia.

"GHOST WRITER" (Murgia)

Koreografiak duen egitura originalagatik hautatu du epaimahaiak. Halaber, musikaren erabilera bikainak, tenpoak ondo erabiltzeak eta azentuen kolpeak behar bezala neurtzeak lagundu die horretan. Hainbat estilo bateratu dituzte, guztiak harmonia egokian uztartuz (flamenkoa, euskal dantza, jazza, klasikoa).

Horrez gain, taula gainean dantzariak dotoretasuna erakutsi du. Jantzitegi zaindua (itxura gaurkotua emanez), atrezzoaren erabilera egokia...

"DO YOU WANNA DANCE?"

Freskotasuna du oinarri. Bizia da, alaia. Hip hop eta lindy hop estiloak uztartzen dituen koreografia jendetsu hori oso ondo egituratuta eta garatuta dago. Koordinazioa ere ederra da.

Mugimendu gutxirekin efektu ikusgarriak sortu dituzte, eta espazioa bikain erabili dute, batik bat, figura politak sortzeko gai izan direlako.