EHZ

Jaialdia, barrutik

Euskal Herria Zuzenean festibalaren erraiak

Erredakzioa

EHZ jaialdia barrutik ezagutzeko, Ibai Agirrebarrena boluntarioak muntaketa-lanen nondik norakoak eta beste hainbat kontu azaleratu dizkigu.

  • EHZ Jaialdia

    EHZ Jaialdia

Euskal Herria Zuzenean festibalaren hasiera ofiziala gaur dugu; izan ere, egun horretatik aitzina izango dira taldeen kontzertuak (Deluxe, Skip & Die, Berri Txarrak…) eta bertan biltzen direnentzat antolatzen dituzten gainerako guztiak.

Askorentzat, baina, duela astebete hasi da festibala; uztailaren 3a baino astebete lehenago, hain zuzen. Hiru egunetan musika eta alaitasuna batuko dituen gunea prestatzeko, hainbat gazte eta ez hain gazte biltzen dira egun horietan Lekornen jaialdia aurrera eramateko egin beharreko guztiak prestatzeko, EHZ muntatzeko.

Hiru egunez 3.000 lagunetik gora bilduko dituen gunea ongi prestatu beharra dago, eta lanik ez da falta. Hainbat pertsona batu dira aurten ere, makrokontzertuak hartuko dituen ingurua atontzeko: Mikel eta Joana agertokia eraikitzen aritu dira, Nikolas eta Elorri aparkalekua marrazten, Markel eta Amaia ostatuaz arduratu dira, Ximun eta Martta komunikazioaz, Unai eta  Ane kanpalekua atontzeaz, Iban, Amaiur, Sonia, Xabi, Urko, Laurent, Paola… Asko dira, ezberdinak guztiak, baina helburu bera dute: EHZ festibala!

Askok astebeteko oporrak hartzen dituzte EHZ muntatzen laguntzeko. Lana eta etxea utzi, lo-zakua eta arropa batzuk hartu, eta Garroako gazteluan instalatzen dira zazpi egunez. Lana dute helburu nagusi, baina ez bakarra…

Lehenik eta behin, EHZ festibala abiatzeko derrigorrezko lanak egitera joaten dira Lekornera, baina muntaketan sortzen den giroa ez da beste inon aurkitzen. Aurretik ezagutzen ez zenituenak lagun bilakatzen dira, hiru eguneko topaketa aitzinera eramatea helburu nagusi duen lagun taldea sortzen baita. Gauetan edaten diren garagardoek ere laguntzen dute aldameneko pertsona hobeto ezagutzen! Lotura azkarrak, goxoak, xelebreak eta eroak sortzen dira bertan biltzen direnen artean.

Aurten, lanak bikain joan dira, eta ostiralerako dena behar bezala egongo da. Dena prestatzeko lanetan parte hartu dutenek festibalaren giroaz gozatu ahal izango dute, eta baita bertan galdu ere, musikaren doinuan. Astean zehar ezagutu dituzten lagunekin tragoak edateko aukera paregabea izango da!

Urtebeteko lanaren fruitua heltzear da, festibalaren ateak irekitzear daude eta…