gadgetak

Aplikazioak

Mugikorra, barrutik ere, txukun

X.U.

Telefono mugikorra milaka eta milaka aplikazio, argazki, bideo, programa eta informazio sartuta betetzen dugu.

Zuetako askori pasatuko zitzaizuen, zerbait egin nahi eta mezu gogaikarri hau jasotzea: "MUGIKORREAN EZ DA LEKURIK GERATZEN, EZABATU ZERBAIT".

Fitxategi horiekin guztiekin berehala betetzen dugu memoria, baina ez da hauen arazoa bakarrik izaten. Aplikazioek funtzionatu ahal izateko, datu asko sortzen dituzte, eta, behin erabili eta gero, zabor bihurtzen dira. Hau da, telefonoak fitxategiak sortzen ditu erabilera jakin batekin, baina gerora horiek ez dute ezertako balio.

Horregatik, etxean erratzarekin egiten dugun bezala, tablet eta mugikorretan ere garbiketa egitea komeni da, zaborra atera eta gure gailua txukun-txukun uzteko. Bi aplikazio gomendatuko dizkizuegu lan honek emaitza bikainak emateko, bata Androiderako eta bestea iOSerako.

Clean Master

Agian Google Playen topatu dezakegun app ezagunena izango da. Aukera dezente eskaintzen ditu, eta 50 mila aldiz baino gehiagotan deskargatu da. RAM memorian garbiketa egin, disko gogorra ere txukundu eta aplikazioak kudeatzeko aukera ematen du.

Instalatzeko, memoria gutxi eskatzen du, eta asko dira horren onurak. Beraz aprobetxatzeko modukoa da.

iCleaner

Androidetan bezalaxe, Apple etxeko gailuetan ere zaborra pilatzen da aplikazioak jarri eta kentzen ditugunean: SMSak, cache memoria, deien erregistroa, kopiak egiteko erabiltzen den gunea… Arreta gutxi ematen diegu horiei, eta, neurri handi batean, oso garrantzitsuak dira gure gailuak ondo funtziona dezan. Androiderako ere topatu dezakegu app hau.

Eta opari gisa… garbiketa egiteko beste modu bat.

Garbiketak egiteko aplikazio hauek erabilgarriak dira oso, baina puntu hauetara iritsi aurretik ere badago zer eginik gure mugikorretan. Besteak beste, aplikazioak automatiko itxiko dituen app bat instalatu ahal dugu. Horrela, gure memoria betetzen denean bakarrik garbituko da, eta errazagoa egingo zaigu gure mugikorra kudeatzea.

Horregatik, azken gomendioa Advanced Task Killer instalatzea da, era pasiboago batean, telefonoak ongi funtzionatu dezan.