gadgetak

Berrikuntzak

Martxan da Twitterren taldeko txat zerbitzu berria

L.Z. | eitb.eus

Gainera, 30 segundoko bideoak grabatzeko, editatzeko eta partekatzeko aukera ere eskainiko du Twitterrek.

Twitter sare sozialak zerbitzu berriak jarri ditu abian. Alde batetik, taldeko txat zerbitzua eskainiko du aurrerantzean; bestetik, 30 segundoko bideoak partekatzeko aukera emango du.

Dagoeneko eskuragarri daude aipatu zerbitzuak. Hori horrela, banakako erabiltzaileek ez ezik, taldeek ere mezu pribatuak jaso ahal izango dituzte.

Bestalde, bideo-zerbitzu berria hainbat gailutara egokituta iritsiko da; Appleren eta Androiden gailuetara kasu, CNETek jakitera eman duenez.

Hartara, taldeko mezuek erraztu egingo dituzte erabiltzaileen arteko elkarrizketa pribatuak, Jinen Kamdar Twitterreko arduradunak adierazitakoaren arabera. Gainera, Facebookek ez bezala, anonimatuan jarduteko aukera eskainiko du.

Bideoak partekatzeko zerbitzuari dagokionez, Twitter aplikazioari esker, grabatzeko, editatzeko eta argitaratzeko aukera izango du erabiltzaileak.

Horrekin guztiarekin, batik bat, erabiltzaileen kopurua eta sare sozialaren jarduna hazteko helburua du Twitterrek. Era berean, iragarleen arreta bereganatu nahi du.