gadgetak

Internet

Googleko bilaketetan Twitterreko mezuak azalduko dira aurrerantzean

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Erabiltzaileak aukeratutako gai jakin bati buruz Twitterren zabaldutako txioak agertuko dira, sakelakoen bidez Googlen egindako bilaketetan.

Googlek eta Twitterrek ekimen bateratua abiatu dute, gailu mugikorren bidez egiten diren bilaketetan aipatu sare sozialaren mezuak agertzeko.

Googlek bere blog ofizialean iragarritakoaren arabera, bilaketak eta txioak sinkronizatuta egongo dira.

Adibide gisa, Taylor Swifti, Mad Men telesailaren azken kapituluari, NBAko play-offei eta NASAri buruzko bilaketak aipatu ditu Googlek, eta horien gaineko txio garrantzitsuenak pantailaren goialdean azalduko direla azaldu du.

Oraingoz ingelesez eta AEBn soilik dago eskuragarri aplikazio hori. Dena den, bai Googlek bai Twitterrek beste herrialde batzuetara zabaldu nahi dute akordioa. Gainera, Android zein Appleren sistema eragileetara egokitu nahi dute.

Hori horrela, hitzarmenak aldaketak ekarriko ditu bilatzailearen posizionamenduan, eta, ondorioz, horrek eragin zuzena izango du milioika bilaketatan, Twitterreko erabiltzaileak nabariago egongo baitira.