gadgetak

Teknologia berriak

Gmailek mezu elektroniko baten bidalketa desegiteko aukera ematen du

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Gehienez 30 segundoko tartea izango du erabiltzaileak "nahi gabe" bidali duen mezua desegiteko.

Gmail bidez igortzen diren mezu elektronikoen bidalketak desegiteko aukera emango du aurrerantzean Googlek.

Sei urtez probak egiten aritu ostean, "bidalketa desegin" aukera gehitu du Gmailek kontuaren konfigurazio-menuan. Hala, erabiltzaileak gehienez 30 segundoko tartea izango du mezua atzera botatzeko. Hain zuzen ere, aukera berri horren konfigurazioan 5, 10, 20 edo 30 segundoko tartea hauta dezake erabiltzaileak.

Behin erreminta konfiguratuta, "bidalketa desegin" botoia automatikoki azalduko da, "bidali" botoiaren aldamenean. Horrenbestez, klik bakarrarekin mezua ezabatzeko aukera izango dute Gmaileko erabiltzaileek. Dena den, aukeratutako denbora-tartea gaindituz gero, Gmailek bidali egingo du mezua.