gadgetak

Zigorrak

Bost arrazoi hauetan oinarritzen da Whatsapp erabiltzaileak blokeatzerakoan

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Arauen bat urratuz gero, erabiltzaileak "zerbitzua erabiltzeko baimenik ez duela" dioen mezu bat jasoko du.

Whatsappeko erabiltzaileak aipatu aplikazioaren erabilera eta pribatutasun baldintzen eraginpean daude. Arrazoi horregatik, baldintza horiek betetzen ez dituztenei zigorrak ezartzeko eskubidea du Whatsappek. Hala, arauen bat urratuz gero, erabiltzaileak "zerbitzua erabiltzeko baimenik ez duela" dioen mezu bat jasoko du. Behin mezua jasota, 72 orduko epea dauka support@whatsapp.com helbidearekin harremanetan jartzeko, eta egoera aztertu ostean arazoa konpontzeko biderik ez badago, kontua betirako blokeatuko du Whatsappek. Arrazoiak bost izan daitezke:

1-Eduki iraingarriak bidaltzea

Egileen eskubideekin edota jabetza intelektualarekin babestutako edukiak partekatzea urraketa larria izan daiteke. Hori horrela, modu ilegalean jokatzen duten erabiltzaileak zigor ditzake Whatsappek, baita irudi lizunak, iraingarriak edo arrazistak bidaltzen dituztenak ere.

2-Nork bere burua beste pertsona bat izango balitz bezala aurkeztea

Beste pertsona bat izatearen plantak egiten dituzten erabiltzaileak blokeatuak izan daitezke. Edozein susmoren aurrean, ikerketa abiatuko du Whatsappek. Halaber, zigortzeko moduko arrazoia izan daiteke testu engainagarriak bidaltzea.

3-Mezu automatikoak igortzea

Produktuak edo zerbitzuak sustatze aldera mezu automatikoak edo spam diren irudi edo testuak bidaltzea, erabiltzailea blokeatzeko moduko arrazoia izan daiteke. Hori gutxi ez eta, kontua ezabatzeko neurria ere har dezake munduko berehalako mezularitza zerbitzu erabilienak.

4-Ezezagunekin taldeak sortzea

Kontaktuen zerrendan ez ditugun erabiltzaileekin talde gehiegi sortzeak susmoak piztu ditzake, eta Whatsappek horren aurkako neurriak hartzea erabaki dezake.

5-Hainbat erabiltzaileren salaketa jasotzea

Nahiz eta kopuru zehatzik ematen ez duen, Whatsappek ikertu egiten ditu behin baino gehiagotan blokeatutako erabiltzaileak. Arrazoiak aztertu ostean erabakiko du erabiltzaile horrekin zer egin, baina jazarpena erabat debekatuta duenez, kontuan izango du egoera deserosoak sortzen diren ala ez.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • WhatsApp