gadgetak

Berritasunak

Whatsapp egoeran kokapena jartzeko aukera gehitu dute

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Android zein iOS sistema eragileetan egongo da erabilgarri argazkia non egin dugun zehazteko aukera.

Duela urtebete inguru iritsi ziren "Whatsappeko egoerak". Instagrameko istorioen antzeko funtzioa betetzen dute, nahiz eta aukera gutxiago eskaintzen dituzten. Nolanahi dela, segundo gutxiko iraupena duten kontakizun labur horietan hobekuntzak egiten ari dira pixkanaka, betiere, berorien erabilera sustatze aldera. Hala, azken berritasunetako bat da kokapena gehitu ahal izatea. Horrekin, argazkia egin dugun lekua zein den edota non aurkitzen garen zehaztu ahal izango dugu.

Hain zuzen ere, sticker baten bidez emango du erabiltzaileak kokalekuaren berri. Modu horretan, bertan klikatuz gero, Google Mapsera eramango gaitu zuzenean. Oraingoz, beta bertsioan baino ezin da erabili.

Nola zehaztu kokalekua?

Lehenik eta behin egoera argitaratzeko aukera ematen duen botoia zanpatu behar dugu. Han, telefono mugikorrean dugun edozein argazki edo une honetan bertan egindako bideo edo irudi bat igotzeko aukera izango dugu.

Kokapena zehazteko, berriz, stickerren leihotxoan klikatu behar dugu. Ordua jartzeko, emotikonoak hautatzeko eta marrazteko aukera dugu han. Gainera, aurrerantzean kokapena gehitzeko aukera ere izango dugu.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Gaztea