Korrika 2024

Korrika 2024

Korrika 2024

Ibilbidea

Betagarri eta Ze Esatek! taldeek girotuko dute Korrikaren bukaera

L.Z. | eitb.eus

Xutik, Eskean Kristo, Sutan, Revolta Permanent eta DJ Elepunto ere izango dira gaur Bilbon.

Festa-giroa izango da nagusi gaur Bilbon, Korrikaren amaieraren kariaz. Sei gunetan banatuta, haur, gazte zein helduentzako jarduerak antolatuko dituzte.

12:30ean bukatuko da euskararen aldeko lasterketa San Nikolas plazatxoan. Hortxe bertan emango ditu azken oinkadak Korrikaren 19. edizioak.

Dena den, jai erraldoi batek bustiko du Bilbo eguerditik aurrera ere. Esan bezala, hainbat gune egokituko dituzte Areatzan eta inguruetan.

Lehenengo gunean, San Nikolasen, adibidez, lekukoari ongietorria emango diote. Gainera, Korrikaren abestia egin duen taldeak "Denok Korrikara!" kantua abestuko du, 14:00ak aldera. Arratsaldean, Kherau, Anje Duhalde eta Izerdi Gorria igoko dira oholtza gainera.

Bigarren gunean (Areatza), berriz, janaria eta edaria salduko duten txosnak jarriko dituzte. Gainera, Gazte Gunea zabalduko dute 14:00etan. Xutik, Eskean Kristo, Betagarri eta Ze Esatek taldeen zuzenekoak hartuko ditu 21:00ak arte.

Arriaga Plazan atonduko dute hirugarren gunea, eta erraldoiek, dantzaldiek eta antzerkiek hartuko dute lekua bertan, eta Erripan izango da laugarren gunea. Berorrek hartuko ditu umeei zuzendutako ekimen guztiak: besteak beste, puzgarriak, magoak, karaokea eta dantzaldia.

Gazte gunean ez ezik, Bilbo Zaharrean ere egongo dira gazteentzako musika emanaldiak; Sutan, Elortegi Anaiak, Revolta Permanent eta DJ Elepuntoren eskutik, hain zuzen ere.

Amaitzeko, Zazpikaleak girotzeaz arduratuko dira bertso-batukada, gaiteroak, erraldoiak eta joaldunak. Halaber, artisau erakusketa egingo dute Plaza Barrian.

Kontsultatu hemen egitarau osoa.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Korrika 2024