Korrika 2024

Korrika 2024

Korrika 2024

Balorazioa

19. Korrika inoizko jendetsuena izan da

Juan Ramon Martiarena | Euskadi Irratia

AEK-ko arduradunek hilaren 19an Urepelen hasi eta atzo Bilbon bukatu zen Korrikaren balorazioa egin dute. Euskal administrazioei “herritarren euskaraz bizitzeko nahia” bideratzea eskatu diete.

1:34

Korrikako arduradunek atzo Bilbon bukatu zen edizioaren, 19.aren, balorazioa egin dute, eta, kazetarien aurrean esan dutenez, “historiako jendetsuena izan da”.

“Pozez gainezka eta guztiz hunkituta” agertu dira euskararen aldeko lasterketaren antolatzaileak. Pozaz haraindi, euskararen normalizazioa auzi politikoa dela esan dute, eta, ondorioz, Euskal Herriko administrazio guztiei gonbita egin diete, “hizkuntza politika egokien bidez, herritarren euskaraz bizitzeko nahia lehenbailehen bidera dezaten”.

Asier Amondo Korrikaren arduradunaren hitzetan, “azken egunotako eguraldi txarrari aurre egin eta euskaltzale uholdea izan da”.

Ohi denez, Korrikaren arduradunek ez dute parte hartzeari buruzko daturik eman, “ezinezkoa baita kalkulatzea Korrikan bertan, hasiera eta amaiera ekitaldietan eta Korrika Kulturalean zenbat jendek parte hartu duen”.

Amondoren ustez, “hizkuntza baten alde munduan egiten den ekimenik handiena” da Korrika, eta azken egunotan “50 Korrika baino gehiago egin dira mundu osoko 5 kontinenteetan”, aipatu du adibide gisa.

AEKren arduradunek poza alde batera utzi gabe esan dutenez, “ez da lekukoa gorde eta bi urte itxaroteko garaia, baizik eta euskararen normalizazioan aurrera egitekoa”. Horregatik, “herritarrek euskaraz bizitzeko duten nahia” bideratzea eskatu diete euskal administrazioei.