Korrika 2024

Korrika 2024

Korrika 2024

Korrika 20

Hasi da Korrika!! Tipi-tapa!!

eitb.eus

Otxandion eman ditu lehen pausoak, eta lehen kilometroan Joseba Kanpo zena omendu dute.

1:42

20. Korrika dagoeneko abian da eta kaleetan barrena egin du, Euskal Herriko txoko guztiak zeharkatzeko, apirilaren 9ra arte.

Otxandio izan da hasierako abiapuntua eta bertan eman dituzte lehenengo pausoak euskaltzaleek, 17:00ak pasata zirela.

Ekimenaren hasieran, Joseba Kanpo zena omendu dute. Korrikaren sortzaileetako bat izan zen 1980an, eta 2013an zendu zen. Bizitza osoan euskararen alde lan egin zuen, Otxandioko Kakadu elkartearen baitan. Bilbon jaioa zen, baina Otxandiorekin harreman estua izan zuen.

Hori horrela, Kanporen senideek eraman dute lekukoa lehen kilometroan,  Korrikaren beste hainbat sustatzailerekin batera. Ehunka pertsonak egin dute bat haiekin, lasterketaren lehen urratsetan.

Bigarren kilometroan, Euskal Herriko hainbat herritako alkateak eta udal ordezkariak izan dira protagonistak.

Otxandiotik Legutiora abiatu dira korrikalariak, eta, 19:00etan inguru, lehenengo hiriburura iritsi dira, Gasteizera. Eguneko azken orduetan Langraiz Okan ibili da Korrika.

Korrika 20_Otxandio_abiatzea

Korrikaren lehen kilometroa, Otxandion. EiTB

Ostiralean (martxoaren 31n) goizaldera arte Araban ibili ondoren Nafarroan sartu da lehen aldiz, eta Lizarrak 09:18an hartuko du lekukoa. Hortik Nafarroako herriak zeharkatuko ditu. Apirilaren 1ean (larunbatean) Nafarroan jarraituko du eta baita, apirilaren 2ko goizaldean ere. Hiru aldiz sartuko da Korrika Nafarroan. Lehenengo zatian, Lizarra, Lodosa, Cadreita, Tutera, Tafalla eta Erronkarin barrena ibiliko da, besteak beste.

Igandean (apirilak 2an) Behe Nafarroko eta Lapurdiko lurrak zapalduko ditu bi hiriburutan euskararen alde korrika jarraituz. Donibane Garazin 11:00k baino zertxobait lehenago sartuko da eta Baionak arratsaldera arte egon beharko du Korrikaren zain, 17:24 arte. Baiona utzi eta Azkainerako noranzkoa hartuko du lehenago Miarritzetik igaroz.

Apirilaren 3an, astelehenean, Zuberoara sartuko da eta Maule bisitatuko du goizeko 10:00en bueltan. Hortik, Nafarroan sartuko da atzera Gipuzkoarako bidea hartzeko. Gipuzkoarrek apirilaren 4a arte egon beharko dute tipi-tapa hotsaren zain. Lizartza izango da igaroko duen lehenengotako herria. Ondoren, Tolosa, Andoain, Irun eta Hondarribia bezalako herriek emango diote ongietorria Donostiara heldu baino lehen. Donostiarrek afaldu baino lehen dute hitzordua Korrikarekin 18:45ean iritsiko baita "BatZuk" lelopean. Hortik Usurbil aldera joango da eta han amaituko da asteartea.

Hori horrela izanda, apirilaren 5ean, Oriotik Bizkaira joango dira euskaltzaleak eta Bizkaian barrena ibiliko da apirilak 7, ostirala, arte. Ondarru izango da zapalduko duen Bizkaiko lehenengo herria. Kostaldean ibiliko dira euskararen alde korrika tarteka Mungia, Barakaldo eta Leioa bezalako herrietan sartuz. Bilbok ostegunean arratsaldeko 16:52an hartuko du lekukoa. Hiriburu osoa zeharkatu ondoren, barnealdeko herriek Korrika egiteko aukera izango dute. Bilbok agur esan eta Gipuzkoak hartuko du berriro ere lekukoa.

Amaieraren bezperan, Bergara Atsasurekin lotuko da. Herriz herri ibiliko da lekukoa. Zumarraga, Ikaztegieta Idiazabal, Arrasate, Agurain eta Araian mugituko da Korrika 22:57an Altsasura iritsi arte. Handik Iruñearantz mugituko da leloa.

Tipi-tapa, apirilaren 9an iritsiko da helmugara 20. Korrika. Aurtengoan, Iruñean jasoko du merezitako gorazarrea 12:30etan.

Ikusi hemen IBILBIDEA