Korrika 2024

Korrika 2024

Korrika 2024

Apirilak 6

Bilboko kaleetatik igaro da Korrika

I.A. | eitb.eus

Korrikalariak 17:00ak aldera sartu dira Bizkaiko hiriburuan. Bost ordu eta erdiz Bilboko auzo eta kaleetan barrena ibili dira euskaltzaleak.

1:11

Korrikaren hogeigarren edizioa Bilbora heldu da ostegun honetan.

Korrikalariak 17:00ak aldera sartu dira Zorrotza auzotik Bizkaiko hiriburuan. Bost ordu eta erdiz Bilboko auzo eta kaleetan barrena ibili dira euskaltzaleak, eta, beste modu batera ezin izan zitekeenez, Korrikak Bilbo zeharkatu ahala hiritarrak kalera irteten joan dira.

Sabino Arana etorbidearen eta Poza Lizentziatuaren kalearen arteko bidegurutzean hartu du lekukoa EiTBk. Hala, Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak, Joselu Blanco ETBko Programazio zuzendariak eta Andoni Aizpuru eta Africa Baeta aurkezleek elkarrekin egin dute korrika tarte horretan. Halaber, eitb.eus-eko langileok ere Korrikarekin bat egin dugu, eta lekukoa eraman dugu Boluetan.

Hainbat auzotatik ibili ostean, lasterketa Udalera heldu da 19:30ak aldera. Bertan Juan Mari Aburto alkateak lekukoa hartu du, Koldo Narbaiza Euskera eta Hezkuntza zinegotziarekin batera, eta Areatzako San Nicolas Elizaraino eraman du.

Bilboko ibilbidea amaitutakoan, Larrabetzurantz abiatu da eta han amaitu da zortzigarren eguna. Bilbora heldu baino lehen, Barakaldo, Portugalete, Santurtzi, Trapagaran eta beste hainbat herritatik ibili da lekukoa.

Korrikaren hogeigarren edizioa martxoaren 30ean hasi zen Otxandion (Bizkaia), "BatZuk" lelopean, hizkuntza, kultura eta mundu aniztasuna erakusteko. Ibilbidea Iruñean amaituko da igandean, hilaren 9an, 11 egun eta 10 gau ondoren eta 2.535 kilometro egin ondoren. Nafarroako hiriburuan Joseba Asiron alkateak jasoko du lekukoa.

 

 

Bideoa: Bilboko alkateak Korrikaren lekukoa hartu du

 

Bideoa: Eitb.eus-eko langileek Korrikaren lekukoa hartu dute Boluetan

 

Bideoa: Korrika Bilbon, airetik ikusita