X-gaztea maketa lehiaketa-X

X-gaztea maketa lehiaketa-X

Maketa Lehiaketa

XXVII. edizioa

Abian da Gaztearen XXVII. Maketa Lehiaketa

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Urtarrilaren 15etik martxoaren 7ra arte egongo da zabalik kantuak bidaltzeko epea. Bozketa-fasea astebete geroago hasiko da, eta apirilaren 27an izango da final handia, Bilboko Kafe Antzokian.

Denbora hegan doa. Gezurra badirudi ere, XXVII. edizioa beteko du aurten Maketa Lehiaketak. Bihar bertan abiatuko dugu Gazteak antolatzen duen kantu lehiaketa ezagunena, eta martxoaren 7ra arte egongo da zabalik maketak bidaltzeko epea.

Aste horiek, beraz, esku artean dituzuen kantuak biribiltzeko eta aipatu lehiaketara aurkezteko balia ditzakezue. Dakizuenez, parte-hartzaileek ezin dute diskoetxe batekin inolako hitzarmenik izan. Musika estiloari dagokionez, ez dugu mugarik jarriko. Horrenbestez, Euskal Herriko talde eta bakarlari guztientzat egongo da zabalik 27. edizio hau.

Epeak

Esan bezala, astearte honetan hasiko gara zuen lanak jasotzen. Dena den, hartu lasai eta prestatu abestiak behar bezala, martxoaren 7ra arte egongo baita irekita kantuak bidaltzeko epea. Lehiakide bakoitzak hiru abesti aurkez ditzake.

Bozketa-fasea, berriz, martxoaren 15ean hasiko da. Hala, astebetez (martxoaren 22ra arte) lehia bizian arituko dira bigarren fase horretara sailkatutako taldeak.

Horien artean boto gehien jasotzen dituenak GazteBizHitza  Saria eskuratuko du. Epaimahaiaren Saria norentzat izango den, berriz, epaimahaikideek erabakiko dute ondoren.

Guztira, bost taldek edo bakarlarik lortuko dute final handirako txartela. Finala apirilaren 27an egingo dugu, Bilboko Kafe Antzokian, eta bost finalistak bertan arituko dira zuzenean, euren kantuak defendatzen. Epaimahaikideek horietako hiru aukeratuko dituzte, eta beste biak boto gehien jaso dituzten biak izango dira.

Sariak

Ohi bezala, sari potoloena (Epaimahaiaren Saria) jasotzen duen talde edo bakarlariak 5.000 euro eskuratuko ditu, eta Bilbao BBK Live jaialdian aritzeko aukera izango du.

Entzuleen babesik handiena jasotzen duenak, ostera, 2.500 euro eramango ditu. GazteBizHitza Saria

Horiez gain, beste sari bat izango da: Kafe Antzokiaren sari berezia. Irabazleak 300 euro jasoko ditu.

Sari bat jasotzeak ez du beste bat lortzeko aukera baztertzen.

Abestiak igotzeko formularioa, hemen.