X-gaztea maketa lehiaketa-X

X-gaztea maketa lehiaketa-X

Maketa Lehiaketa

27. edizioa

Dena prest Maketa Lehiaketaren final handirako

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

22:00etatik aurrera, Bilboko Kafe Antzokian lehiatuko dira bost finalistak. Finala streaming bidez ikusi ahal izango duzue Gaztearen webgunean.

Luze jo du Maketa Lehiaketak aurten. Urtarrilean eman zituen aurreneko urratsak, orduan ireki baikenuen lehiaketara kantuak bidaltzeko epea. Harrezkero, asko eta asko izan dira 27. edizio honetan parte hartzea erabaki dutenak; guztira, laurogei bat talde aurkeztu ziren. Bozketa-fasea iritsi zen gero, eta horrekin batera egin zuen epaimahaiak lehendabiziko "garbiketa". Hogeita bat taldek lortu zuten txartela, bozketan nor baino nor gehiago aritzeko.

Astebete iraun zuen bozketa-faseak. Hasieratik, lehenengo postuari adarretatik eutsi zion Silence talde gipuzkoarrak. Azpeitia eta Azkoitia artean sortutako pop rock talde gazteak urtebete eman du entsegu lokalean maketa grabatzen, eta badirudi denbora horretan egindako lanak fruitua eman diola; izan ere, GazteBizHitza saria eskuratu zuen aurtengo Maketa Lehiaketan entzuleen botoei esker. 1.379 boto erdietsi zituen taldeak, Pho-Bo bigarren sailkatuak baino 266 gehiago. Aipatutakoa da, hain zuzen, finalean bere kantuak defendatuko dituen bigarren sailkatua. Esperientzia eta gaztetasuna dira Pho-Bo goierritarren bi osagarri nagusiak. Bi urteko ibilbide laburra badute ere, indie-rock doinuak lantzeko gaitasun aparta dute, erritmo eta melodia alternatiboak agerian utzita eta zeresan handia ematen duten letrekin biribilduta.

Epaimahaiaren erabakia

Silence eta Pho-Bo ez ezik, epaimahaiak hautatutako beste hiru artista ere ikusiko ditugu biharko final handian: Hakima Flissi, Nerabe eta Aizkorak Zorroztu. Hiru horiek dira, deliberamendu luze baten ostean, epaimahaikideen babesik handiena lortu dutenak.

Finala

Ostiral honetan Bilboko Kafe Antzokiak hartuko du Maketa Lehiaketaren finala. Bost taldeak taula gainera igoko dira, esku artean dituzten kantuak jarraitzaileen zein epaimahaikideen aurrean aurkezteko. 22:00etatik aurrera, bertan gertatzen den guztia streaming bidez ikusi ahal izango duzue Gaztearen webgunean.

Sariak

Ohi bezala, sari potoloena (Epaimahaiaren Saria) jasotzen duen talde edo bakarlariak 5.000 euro eskuratuko ditu, eta Bilbao BBK Live jaialdian aritzeko aukera izango du.

Entzuleen babesik handiena jaso duenak, Silence taldeak, 2.500 euro eraman ditu (GazteBizHitza saria).

Horiez gain, beste sari bat egongo da: Kafe Antzokiaren sari berezia. Irabazleak 300 euro jasoko ditu.

Sari bat jasotzeak ez du beste bat lortzeko aukera baztertzen.