Albisteak

Zinema eta musika

Fermin Muguruzaren musika, Alex de la Iglesiaren pelikula berrian

Luzia Zugadi

Datorren astean estreinatuko duten 'Las Brujas de Zugarramurdi' pelikulako kantua egin du Muguruzak, Zuloak taldeko Tania de Sousa, DZ eta Xabi Solano musikarien laguntzarekin.

Irailaren 27an iritsiko da zinema aretoetara Alex de la Iglesiaren Las Brujas de Zugarramurdi pelikula.

Umorea, akzioa eta fantasia uztartzen dituen film honetan, besteak beste, Hugo Silva, Mario Casas, Carmen Maura, Santiago Segura, Carlos Areces eta Pepon Nieto aktoreak azalduko dira, eta Fermin Muguruza abeslariak ere leku garrantzitsua beteko du. Izan ere, kantari gipuzkoarraren esku geratu da pelikulan entzungo den "Zugarramurdin Akelarrea" kantua konposatzea.

Muguruzak Zuloak taldeko Tania de Sousa abeslariaren, DZren eta Xabi Solanoren laguntzarekin egin du kantua.

Esan bezala, datorren ostiralean estreinatuko dute Las Brujas de Zugarramurdi, eta egun berean Zuloak taldeak azken zuzenekoa eskainiko du Egiako Gazteszenan (Donostia).

Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten duela urtebete Zuloak, eta bertan emango ditu bere azken urratsak Fermin Muguruzaren proiektuak.