Albisteak

Igandean, Tolosan

Gose, Gatibu eta Gari, Kilometroak jaian

Luzia Zugadi

Manent, La Jodedera, Hesian, Itziarren Semeak eta Vendetta ere arituko dira Tolosan, igande honetan.

4:47

Igande honetan Gipuzkoako ikastolen aldeko festa hartuko du Tolosak. Laskorain Ikastolak antolatuko du, hain zuzen ere, Kilometroak jaia, eta dagoeneko prest dute egitaraua.

Goizetik hasita, hainbat ekitaldi egingo dituzte. Ibilbidea sei gunetan egongo da banatuta, eta "Ahora!" lelopean euskara bihotzetik ahora eramateko gonbitea luzatuko dute antolatzaileek.

Ohi bezala, kontzertuek leku garrantzitsua beteko dute. Lehenengo gunean Xabi San Sebastian arituko da, eta bigarrenean, berriz, Laket, Itziarren Semeak, Vendetta eta Skakeitan, besteak beste.

Laugarren, bosgarren eta seigarren guneetan ere ez da musikarik faltako. Arratsaldeko lehenengo orduetan, Manent, Desordutan, Anger, Humus eta La Jodedera igoko dira agertoki gainera. Geroago, Dj Bull, Hesian, Gatibu, Gari eta Gose igaroko dira taula gainetik.

Gainera, umeentzako jolasak, bertsolariak eta beste hainbat ekitaldi egingo dira. Dena den, aurtengo berrikuntza nagusia gazteei zuzendutako erronka izango da. Abentura oinarri duten probekin osatutako erronka honetan 2.000 euroko saria egongo da jokoan.