Albisteak

Gaur, Lapueblan

Kometa, Zea Mays eta Arkada Social, Araba Euskarazen

Luzia Zugadi

Ze Esatek!, Oihan Vega, Mikel Urdangarin, Malenkonia eta Dirty Brothers ere arituko dira gaur, Lapuebla de Labarcan.

Gaur Araba Euskaraz Arabako ikastolen aldeko festa hartuko du beste behin Lapuebla de Labarcak. "Mugan bizi, bizi jarraitu nahi dugu" lelopean, milaka euskaltzale bilduko dira han, eta, ohi bezala, musikak leku garrantzitsua izango du festan.

Kontzertuen egitarauari dagokionez, besteak beste, Zea Mays, Arkada Social eta Kometa, Maketa Lehiaketaren Entzuleen Saria eskuratu duen taldea, igoko dira agertoki gainera.

Ibilbidean bost gune egongo dira, eta hainbat ekintza egingo dituzte egun osoan zehar. Mazuelo gunean, adibidez, Akerbeltzen zuzenekoa egongo da, 18:00etatik aurrera. Tempranillon, berriz, Anabasa, Arkada Social eta Ze Esatek! taldeek joko dute, eta, 17:30 aldera, Oihan Vega arduratuko da aipatutako gunea girotzeaz.

Garnatxan ere ez da musikarik faltako. Beira eta Mikel Urdangarin bazkalaurretik arituko dira; arratsaldean, ostera, Zea Mays, The Potos, Malenkonia eta Dirty Brothers taldeen txanda izango da.

Gaur Lapuebla de Labarcan duzue hitzordua!