Albisteak

Urriaren 5ean, Orion

Esne Beltza, Zea Mays, Enkore eta Skasti, Kilometroak festa girotzen

Tania de Sousa, Anje Duhalde, Willis Drummond, Gozategi eta beste hainbat talde ere arituko dira urriaren 5ean Orion, Gipuzkoako ikastolen aldeko jaian.

  • Esne Beltza. Argazkia: Tom Hagen

    Esne Beltza. Argazkia: Tom Hagen

Urriaren 5a gorriz jarrita dugu denok egutegian, egun horretan Gipuzkoako ikastolen aldeko festa ospatuko delako. Aspaldi iragarri genuen bezala, Orion egingo dute aurten Kilometroak "Erria txikota" leloari helduta.

Ekintzaz betetako eguna izango da, etxeko txikienei, gaztetxoei zein adin guztietako pertsonei zuzendutako eskaintza kultural paregabea prestatu baitute antolatzaileek.

Gainera, festa-giroa guneetara mugatzeaz haratago, Orioko Herri Ikastolak eskaintza ibiltaria indartu nahi izan du, jaia herri guztira zabalduz.

Dena den, oholtza gainekoak ez du orain arte izandako arrakasta galduko, eta euskal musika-taldeek txoko garrantzitsua izango dute egitarauan.

Ikastolako gunean, adibidez, Xabier Arostegi disko-jartzailea, Bi Bala eta Gozategi arituko dira. Bestalde, San Martin gunean, besteak beste, Skasti, Enkore eta Anje Duhalde igoko dira agertokira, eta Arromendi kanpinean Perlak eta Etxepare Rapen musika entzungo da.

Halaber, Aupistape gunean ere izango dute lekua musikariek. Tania de Sousaren abesti berrienek eta Esne Beltzaren doinu dantzagarriek arratsaldean dute hitzordua, ibilbideko laugarren gunean.

Bukatzeko, Triki Ta Ke, Willis Drummond eta Zea Mays gonbidatuko dituzte Mendibeltzera.