Albisteak

Egitaraua

Nafarroa Oinez festak euskaltzalez beteko du Zangoza gaur

L.Z. | eitb.eus

Besteak beste, Esne Beltza, Gose, Willis Drummond, On, Glaukoma, Arkada Social eta Leihotikan igoko dira oholtza gainera.

Kilometroak festarekin gozatzeko aukera izan genuen duela pare bat aste, eta Nafarroa Oinezen txanda iritsi da gaur.

Gaurkoan, "Esan Izan Gozan" lelopean egingo dute Nafarroako ikastolen aldeko festa Zangozan, eta haurrentzat zein gazteentzat prestatutako ekintzek ez ezik, musikak ere berebiziko garrantzia izango du egun horretan. Horregatik, euskal taldeei gordeko zaien lekua ez da nolanahikoa izango.

Lau gune egongo dira ibilbidean zehar, eta egitarau zabala izango da txoko guztietan.

Lehenengoan, adibidez, Fermin Valenciaren, Erramun Martikorenaren eta Balerdi Balerdiren musika entzungo da, eta dantza-saioak ere protagonista izango dira.

Bigarren gunean, berriz, besteak beste, On, Gose, Glaukoma eta Willis Drummond igoko dira agertoki gainera.

Hirugarren gunea Zartako K-k, Leihotikanek, Arkada Socialel, Los Zopilotes Txirriaosek, Esne Beltzak eta Trikidantzek girotuko dute. Eta bukatzeko, laugarren guneak etxeko txikienei zuzendutako jolasak hartuko ditu.

Gaur, beraz, Zangozan duzue hitzordua!