Albisteak

Erakusketa, Alondegian

Fermin Muguruzaren 'Black is Beltza' lana Bilbora heldu da

L.Z. | eitb.eus

Hiru hilabetez, erakusketa eta ekintza paraleloak antolatuko dituzte Bizkaiko hiriburuan. Hitzaldi musikatuetan, adibidez, Fermin Muguruzak parte hartuko du.

1:32

Gaurtik otsailaren 8ra, Fermin Muguruzak 'Black is Beltza' aurkeztuko du Bilboko Alondegian. Harkaitz Cano idazlearekin eta Jorge Alderete ilustratzailearekin elkarlanean sortutako eleberri grafikoaren gaineko proiektua erakusketa batekin eta hainbat jarduera paralelorekin aurkeztuko du.

1965eko New Yorkeko Erakusketa Unibertsalean Iruñeko erraldoiek betetako lekua abiapuntutzat hartuta, 'Black is Beltza' proiektuak musika, maitasuna eta iraultza uztartu ditu, akzio eta espioitza istorio baten bidez.

Proiektuaren haritik antolatuko duten erakusketak, besteak beste, aipatutako istorioa eraikitzeko erabilitako materiala erakutsiko du.

Horrez gain, komikiarekin, musikarekin, zinemarekin, literaturarekin edota gastronomiarekin zerikusia duten ekintza paraleloak egingo dituzte, eta Muguruzak berak gidatuko dituen musika-hitzaldiak eta artista ezagunen master class saioak izango dira Bizkaiko hiriburuan.