Albisteak

Iñigo Muguruzaren proiektua

'Akatsa sisteman', Lurra taldearen disko berria

Kortatu, Delirium Tremens, Negu Gorriak, Joxe Ripiau eta Sagarroi taldeetan ibilia den Iñigo Muguruzak zuzendu du lan berria.

Iñigo Muguruzak eta Ane Garciak zuzendutako Lurra proiektuak fruituak eman ditu berriro. Oraingo honetan, "Akatsa sisteman" diskoa aurkeztuko dute, eta ildo akustikoari eutsiz, musika aukera zabalagoa eskainiko dute lan berrian.

Hain zuzen ere, indie-folk, world, blues, reaggae, ragtime, ska, jazz eta dub doinuak uztartu eta kolaborazio oso bereziak izan dituzte proiektu berriaren grabazioan.

Xabi Solano, Petti, Maite Neighbor, Jon Elizalde Jontron, Sergio Patxuko, Oskar Benas, Xabi Dols eta beste hainbat artistak parte hartu dute "Akatsa sisteman" diskoan.

Kirmen Uriberen hitzetan, Lurra taldeak ondo baino hobeto daki zein diren sistemaren akatsak: gizatasuna galtzea, ingurugiroarekiko errespetu falta eta zuhurkeria estimuaren aurretik jartzea, adibidez. Horregatik, Lurrak nahiago du musika, ideiak eta sentimenduak konpartitu. "Nire tristura orain zurea da", dio diskoko abestietako batek.

Lan berria urriaren 30ean aurkeztuko dute Donostiako Doka Kafe Antzokian. Han, proiektu berriari buruz hitz egiteaz gain, bi abesti zuzenean abestuko dituzte, 12:00etatik aurrera.