Albisteak

Ikerketa

Entzuten dugun musikaren araberako sexua omen dugu

L.Z. | eitb. eus

Londresko Unibertsitateak egindako ikerketa batek dionez, sexua praktikatzen den bitartean musika entzuteak, kalamuak edota kokainak garunean eragindako efektu bera sortzen du.

Sexuaren eta musikaren arteko loturak eragina izan dezake bikotearen aldartean. Pertsona askok egundoko plazera lortzen dute abesti erromantikoak zein sentsualak entzuterakoan, musika estilo bat edo beste aukeratzeak izan ditzakeen ondorioak kontuan hartu gabe.

Daniel Mullensiefen Londresko Unibertsitateko musika psikologoak "Science Behind the Song" ikerketa burutu zuen, eta galdekatuen % 40ren iritziz, sexu-harremanak izaterakoan musika entzuteak bikotearen kreatibitatea eta ukimena estimulatzen ditu.

Dena den, sexua praktikatzerakoan bakoitzak musika mota ezberdin bat hautatzen du; bai gustuen eta bai egoeraren arabera. Baina zein da estilo bakoitzak gure gorputzean eragiten duen erantzuna? Adi.

Musika elektronikoa: Soinu elektronikoek hormona energetikoak estimulatzen dituzte, eta horrek hiperaktibitatea eragiten du gorputzean. Hortaz, sexu saio arin eta oparoekin lotu genezake.

Heavy metala: Sexu saio gogor baten ostean estasiatuta gelditzea gustuko dutenek, Iron Maidenen musika atsegin duen batekin oheratu beharko dute. Musika motak honek eragina du mutilengan, testosterona gehiago kanporatzen eta sexu grina kirtentzen duelako. Halere, nabarmentzekoa da metala entzunda, orgasmora iristerakoan estrogenoak kanporatzen direla. Horregatik, denbora gutxian, egoera energetiko batetik une lasaiago batera pasatu daiteke.

Reggaetoia: "sexuaren erritmoa" izenarekin ezaguna bada ere, egia esan ez da dirudien bezain afrodisiakoa. Ikerketa horren arabera, hipotalamoaren alde bat kaltetzen du, eta epe laburrean oroimena gutxitu dezake.

Rocka: AC/DC edo Extremoduro entzutea eguneko arazoak ahazteko bidea izan daiteke, aldartea hobetzen laguntzen baitu. Rocka entzuten den bitartean sexua praktikatzeak, alkoholaren antzeko efektua eragiten omen du.

Pop eta disco: "Txortaldi" dibertigarri bat nahi dutenek, David Guetta edo Maroon 5 hauta dezakete. Poztasuna ematen dute eta gozokiak jateak eragiten duen efektu antzekoa sortzen dute.

Musika klasikoa: Sexu patxadatsua, luzea eta lasaigarria nahi dutenentzat gomendagarria da, baita sexu tantrikoa praktikatzeko ere.

Blues eta jazz musika: Oro har, doinu lasaiek sexu trankila dakarte.