Albisteak

MTV Europe Music Awards

Ariana Grande, Justin Bieber eta One Direction, sarituen artean

L.Z. | eitb.eus

Glasgow hirian egindako 20. urteurreneko galan rock musikak aurrea hartu zion pop estiloari. 2015ean Milanera itzuliko dira MTV Europe Music Awards sariak.

Rock musikak leku garrantzitsua bete du bart banatutako MTV Europe Music Awards sarietan. 20. urteurreneko gala, ordea, ez da uste bezain nostalgikoa izan, eta musika izarrek ez diote sari-banaketari behar besteko distira eman.

Musikari dagokionez azken urtean ekarpen gutxi eman dituen Justin Bieber musikaria izan zen protagonistetako bat. Abeslari kanadarrak gizonezko artista onenaren saria eskuratu zuen, Eminem, Es Sheeran, Pharrell Williams eta Justin Timberlake artistekin lehian aritu ostean.

Pop musikak ez zuen atzokoan protagonismorik izan, rock izarrek aurrea hartu baitzioten. Ozzy Osbourne Black Sabbath taldeko buruak, adibidez, Global Icon golardoa eraman zuen etxera

Sariak

Ariana Grandek abesti onenaren eta emakumezko artista onenaren sariak eskuratu zituen.

Bestalde, One Direction taldeak pop artista onenaren, zuzeneko onenaren eta jarraitzaile onenen sariak lortu zituen.

Katy Perry zen izendapen gehien zituen artista, baina bi sari baino ez zituen lortu: bata, look onena izateagatik, eta, bestea, bideoklip onena egiteagatik.

Artista berrien artean, berriz, 5 Second of Summer saritu zuten, eta Linkin Parkek zuzeneko onenaren golardoa jaso zuen.

Calvin Harris, Nicki Minaj, Beyonce eta Enrique Iglesias ere ez ziren esku-hutsik gelditu.

Zuzenekoak

Besteak beste, U2, Ed Sheeran, Alicia Keys, Enrique Iglesias, Kiesza, Charli XCX eta Ariana Grande aritu ziren atzokoan Europako MTV sariak banatzeko ekitaldian.