Albisteak

Nobedadeak

22m2, Naroa Gaintzaren proiektu berria

L.Z. | eitb.eus

Karratura diskoarekin itzuli da Amaiur taldeko abeslaria zena. Proiektu berria, David Nanclaresekin batera grabatu du, eta hainbat kolaborazio izan dituzte.

Bideoak (1)

Naroa Gaintzak, Amaiur taldeko abeslari izandakoak, 22M2 (HobeitaBiMetroKoadro) proiektua aurkeztu berri du. David Nanclaresek ekoitzi du Karratura diskoa. Naroarekin batera, musika-abentura berri horren muina osatzen du Nanclaresek.

Bilbon grabatu dute lan berria, Asier Erzilla teknikariarekin, 2014ko neguan hasi zuen ibilbidea taldeak, eta udaberrian jarraitu zuten grabazio-saioekin.

Bikoteak David Gorospe bateria-jotzailearen laguntza izan du, eta, hasiera batean bakarkako proiektu baten itxura hartu zuen arren, Naroak eta Davidek hainbat musikariren laguntza izan dute, besteak beste, hauena: Igon Olaguenaga Mandoilek taldeko abeslaria, Eunate Vilches, Zuriñe Hidalgo, Zigor DZ, Antton Uriarte eta Imanol Ubeda (Deabruak Teilatuetan eta Bide Ertzean). Elliot Murphyren eta Olivier Duranden parte hartzea ere nabarmentzeko modukoa da.

Elementu intimoak, baina, era berean, sakonak ditu diskoak. Gainera, underground musika eta doinu psikodelikoak uztartzen dira.

Guztira, "11 kantu, 11 lagun, 11 doinu, 11 erritmo, 11 istorio eta milaka sentsazio biltzen dituen diskoa deskubrituko du entzuleak", Elkar ekoitetxetik zabaldu dutenez, eta "lan zintzoa" da, "erraietatik idatzia, gutako bakoitzaren bihotzerantz zuzenduta".