Albisteak

Agurra

Willis Drummondi agertokietatik jaisteko tenorea iritsi zaio

L.Z. | eitb.eus

Hondarribian emango dute 'A ala B' birako azken kontzertua, eta argitzeke dago hortik aurrera taldeak hartuko duen ibilbidea zein izango den.

A ala B diskoa argitaratu zuenetik gelditu gabe ibili da Willis Drummond taldea, baina badirudi agurtzeko ordua iritsi zaiela.

Hori da behintzat, lapurtarrek euren webgune ofizialean aditzera eman dutena. Bi urteko ibilbide luzearen ostean, atsedena hartzekotan dira taldekideak.

Azken hiru kontzertuak eman ondoren, denbora baterako, behintzat, oholtza gainekoak utziko ditu Willis Drummondek. Argitzeke dago, ordea, behin betiko agurra izango den ala ez. Oraingoz, "laster arte" batekin agurtu dira, dena den, ez dute etorkizuneko asmoei buruzko inolako informaziorik eman, eta horrek kezka eragin du jarraitzaileen artean, gertatuko denaren jakinkizunean baitaude zaleetako asko.

Litekeena da azken zuzenekoa iristean azalpenen bat edo beste ematea, baina bitartean aurreikusitako hiru kontzertuen berri baino ez dugu.

Hurrengo hitzordua Grenoblen dute bihar, eta egun bat geroago Dijonen arituko dira. A ala B diskoko azken akordeak Hondarribian entzungo dira azaroaren 28an.