Albisteak

Kontzertuak

Durangoko sarrerak agortuta, Basaurin ere arituko da Gatibu

L.Z. | eitb.eus

Abenduaren 7an Plateruena kafe-antzokian emango duten kontzerturako sarrerak agortuta daude, baina 19an Basauriko Social Antzokian izango dira gernikarrak.

Gatiburen Euritan Dantzan diskoa izango da Durangoko Azokako protagonistetako bat, zalantza izpirik gabe. Horregatik, Alex Sardui eta taldekideak Landako gunean bueltaka ibiliko dira Azokak ateak zabalik dituen bitartean. Gainera, duela aste batzuk iragarri genuenez, Plateruena kafe-antzokiko oholtzan ere ikusiko ditugu gernikarrak, abenduaren 7an.

Hain zuzen, Durangoko Azoka dela eta, Plateruena kafe-antzokian antolatuko dituzten kontzertuetako bat izango da Gatiburena. Vendetta, Hesian eta Kometa ere agertoki gainean ikusiko ditugu.

Sarrerak

Azken orduetan agortu egin dira Gatiburen aurre-salmentako sarrera guztiak. Plateruena kafe-antzokiko webgune ofizialak zabaldutako informazioaren arabera, antzokiko barran bertan eskuratu ahal izango dira azken sarrerak.

Dena den, jarraitzaile asko sarrerarik gabe geratu direnez, lasai egoteko mezua zabaldu dute taldekideek, eta abenduaren 19an Basauriko Social Antzokian arituko direla iragarri dute. Sarrerak salgai daude dagoeneko, 12 euroan (+ banaketa-gastuak). Gazte Txartela dutenek edota Social Antzokiko bazkide direnek prezio berezia izango dute.