Albisteak

Filma

Kurt Cobaini buruzko dokumentala 2015ean iritsiko da

L.Z. | eitb.eus

Brett Morgenek zuzenduko du Nirvanako liderraren dokumentala, eta Kurt Cobainen alaba, Frances Bean Cobain, izango da ekoizle eragilea.

Kurt Cobain: Montage of Heck, Nirvanari buruzko lehendabiziko dokumental baimendua, 2015ean emango du HBOk. Cobainen familiak lagunduta egingo duten aurreneko filma izango da, eta Brett Morgenek idatzi, zuzendu eta ekoitzi du. Morgen Oscarretarako izendatu zuten, On the ropes, Crossfire eta Huracan lanei esker.

Besteak beste, Nirvanaren hainbat kontzertutako grabazioak jasoko dituzte, baita inoiz argitaratu ez ziren abestiak ere. Gainera, bideo-grabazioak, artelanak, argazkiak, egunkari pertsonala, demoak eta abestien liburuxkak bilduko ditu pelikulak.

Morgenek azaldu duenez, duela zortzi urte hasi zen proiektu honetan lanean, eta harrituta geratu zen Cobainek zenbat material utzi zuen ikusita. "Kurten artxibora heldu nintzenean, argitaratu gabeko 200 orduko musika-materiala zegoela ikusi nuen. Halaber, hainbat proiektu artistiko (margolanak, eskulturak...), film ezezagunak eta 4.000 idatzi baino gehiago zeuden", adierazi du.

Oraingoz ez dute Montage of Heck noiz estreinatuko duten zehaztu.