Albisteak

Zuzenekoa

Vetusta Morla BEC! erakustazokan arituko da maiatzean

L.Z. | eitb.eus

Maiatzaren 1ean madrildarrek Barakaldon eskainiko duten kontzerturako sarrerak 25 euroan daude salgai.

2014an 70 kontzertutik gora eskaini ditu Vetusta Morla taldeak, eta 2015ean La deriva birarekin jarraituko du. Hain zuzen, datorren urtean areto handietan arituko dira madrildarrak.

Madrilen goizean emandako prentsaurrekoan taldeak azaldu duenez, orain arte zapaldu gabeko aretoak bisitatuko dituzte apirilean eta maiatzean, tartean, Barakaldoko BEC! erakustazoka, maiatzaren 1ean.

Bestalde, Bartzelonan, Sevillan, Valentzian eta Madrilen arituko dira. Bost emanaldiak batuta, aurreikusitakoaren arabera, 40.000 lagun inguru bilduko dira kontzertuotan.

Disko berria

Apirilaren 8an argitaratu zuen Vetusta Morlak estudioko hirugarren lana. Taldeak berek sortutako Pequeño Salto Mortal zigiluaren eskutik iritsi zen disko hori.

Gainera, duela gutxi eskuratu duten Urrezko Diskoa ospatzeko, gaur bertan binilo formatuan kaleratu dute La deriva.

Sarrerak

Maiatzaren 1ean BEC! erakustazokan eskainiko duten zuzenekorako sarrerak 25 euroan daude salgai (+ banaketa gastuak), www.ticketea.com webgunean.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Barakaldo