Albisteak

Azken kontzertuak

Doctor Deseok 'gau magikoa' prestatu du 2014ko bira agurtzeko

L.Z. | eitb.eus

Madrilen, Iruñean, Bermeon eta Bilbon jo ostean, agertokiak alde baterako utziko dituzte bilbotarrek.

Lau kontzertu bakarrik falta zaizkio Doctor Deseo taldeari 2014ko birari bukaera emateko. Guztira, 30 zuzenekotik gora eskaini dituzte bilbotarrek aurten, eta orain atsedena hartzeko tenorea iritsi zaiela aitortu dute taldekideek.

Dena den, aurretik, beste lau aldiz igoko dira oholtza gainera. Hain zuzen, jarraitzaileei eskerrak emateko atera nahi dute agertokira, denbora batez emanaldirik eskaini gabe egongo baitira.

Lehendabizi, Madrilen izango dira, abenduaren 20an, baina gainerako hiru kontzertuak etxean emango dituzte.

Abenduaren 26an, adibidez, Iruñeko Zentral kafe antzokia bisitatuko dute. Egun bat geroago, abenduaren 27an, Bermeon aurkeztuko dituzte azken diskoko kantuak. Bukatzeko, urtarrilaren 5erako 'gau magikoa' antolatu dute. Bilboko Santanan arituko dira egun horretan, eta sekulako giroa sortuko dute Bizkaiko hiriburuko Bolueta auzoan dagoen aretoan, 23:00etatik 06:00etara.