Albisteak

Kontzertua

Gatibu Bilbon arituko da apirilean

L.Z. | eitb.eus

Bolueta auzoko Santana 27 aretoan izango da talde bizkaitarra Euritan Dantzan estudioko lan berria aurkezten.

Euritan Dantzan diskoa argitaratu zuenetik bi kontzertu eman ditu Gatibu taldeak: bata, Durangoko Azokan; bestea, Basauriko Social Antzokian.

Aipatu bi emanaldietarako sarrerak berehala agortu ziren, eta gauza bera gertatu da urtarrilaren 17rako Bermeon iragarritako zuzenekoarekin.

Datorren larunbateko Donostiako kontzerturako, ostera, badira sarreraren batzuk, baita Iruñerako ere.

Dena den, batez ere, Bizkaian izandako arrakastaz jabetuta, hitzordu berri bat aurreikusi dute gernikarrek apirilerako. Hain zuzen, Bilboko Santana 27 aretoan izango dira, apirilaren 10ean.

Sarrerak

Bizkaiko hiriburuko saioan egon nahi dutenek 12 euroan eskuratu ahal izango dituzte sarrerak (+ banaketa gastuak). Txarteldegian, berriz, 15 euroko prezioa izango dute.