Albisteak

Polemika

Eminem abeslariak 6,7 milioi euroko plagio-salaketa jaso du

L.Z. | eitb.eus

Hotstylz taldeak salaketa jarri du rap abeslariaren aurka, abesti baten 25 segundo kopiatzeagatik.

2013ko urrian argitaratu zuen Eminemek "Rap God" kantua, eta urte bete geroago Hotstylz rap taldeak auzitara eraman du, ustez plagio egin izanagatik.

Hain justu, Eminemen eta haren diskoetxearen aurkako salaketa jarri du, baimenik gabe "Lookin Boy" abestiaren 25 segundo "lapurtzeagatik", TMZk jakitera eman duenez.

Iazko azaroan taldekideetako batek, Raymond Jonesek, bi abestien arteko antzekotasunari buruzko hausnarketa egin zuen aldizkari batean. Hasieran "bikaina" iruditu zitzaion Eminemek beraien abesti bat erabiltzea, baina geroago iritziz aldatu zuen: "Joan dadila pikutara Eminem, ez digu baimenik eskatu", ziurtatu zuen orduan.

"Kantu horrekin diru asko jaso zuen, eta ez zen gurekin harremanetan jarri", erantsi du kantariak. Hori salatzeko, "Rap Fraud" abestia argitaratu zuten, kontu horrek taldekideengan piztutako haserrearen berri emateko.