Albisteak

Talde berria

Osso: Cobra eta Eraso! taldeen muinetik jaiotako proiektua

L.Z. | eitb.eus

Lekterrek eta Sergek osatutako talde berria da Osso. Dagoeneko prest dute lehendabiziko diskoa (Paraxuta), eta bihar bertan aurkeztuko dute Donostian.

Euskal musikarien artean eskarmentu handia duten bi artista dira Lekter (Cobra, Kokein) eta Serge (Eraso!). Batak eta besteak ibilbide luzea dute musikaren munduan. Horregatik, orain arte jasotako ezagutzak elkartu eta proiektu bakarrean azaleratu dituzte. Hortik jaio da Osso; ilusioz eta gogoz sortutako taldea.

Musikari dagokionez, ez da norabide bakarreko diskoa. Rock musika ardatz hartuta, abesti oso ezberdinak egin dituzte. Hamar kantuotan pasarte ezberdinak daude, eta abesti batetik bestera nabarmenak dira aldaketak. Dena den, kantu guztiak hari bakar batek lotzen ditu.

Bateria eta gitarrez estalitako ahotsek ere badute tartea diskoan. Melodien eta intentsitateen arteko jokoari esker, apustu ausarta egin du bikoteak. Batzuetan bi ahotsak aldi berean entzuten dira; beste zenbaitetan, ordea, bakoitzak bere aldetik abesten du.

Paraxuta diskoa bihar bertan aurkeztuko dute Lekterrek eta Sergek. Donostiako Alde Zaharreko Elkar Megadendan izango da.