Albisteak

Intxaurrondo Kultur Etxean

Salda Badago jaialdi berriak Donostia hartuko du bihar

L.Z. | eitb.eus

Intxaurrondo Kultur Etxean egingo dute lehenengo edizioa. Lauroba, Beñat Igerabide eta Patxuko Nice arituko dira han.

Salda Badago izeneko jaialdi berria jaio da Donostian, Gipuzkoako taldeak erakustea eta egungo musika-proiektu interesgarrienak ezagutzera ematea xede duena.

Horren aurreneko edizioan, Lauroba, Beñat Igerabide eta Patxuko Nice igoko dira agertoki gainera. Kontzertu guztiak bihar izango dira, Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean.

Lauroba izango da aurten kartelburua, eta Beñat Igerabideren musika ere entzungo da Intxaurrondon. Hain justu, Orbainak bakarkako lehendabiziko diskoa aurkeztuko du bertan. Bukatzeko, Patxuko Nicek itxiko du kartela. Joxe Ripiau, The Solanos eta Esne Beltza taldeetan aritutako Sergio Ordoñez musikariak 435.0 proiektu berria taularatuko du.

Sarrerak

22:00etan hasiko da jaialdia, eta sarrerak 8 euroan daude salgai. Txarteldegian, berriz, 10 euroko prezioa izango dute.