Albisteak

20 Urte, Urtero Sortzen

Uztailaren 3tik 5era egingo dute Euskal Herria Zuzenean jaialdia

L.Z. | eitb.eus

Lekornek uztailaren hasieran hartuko du jaialdiaren 20. edizioa. Dagoeneko zabaldu dute EHrZ lehiaketan parte hartzeko epea.

Euskal Herrian Zuzeneanek 20. urtemuga ospatuko du aurten, eta antolatzaileek iragarri dute jada zein egunetan egingo duten jaialdia. Musika eta kultura ardatz duela, uztailaren 3an, 4an eta 5ean hartuko du Lekornek (Mendionde) aipatu jaialdia.

Arrosak hartu zuen lehendabiziko edizioa, eta gerora Idauze Mendin eta Heletan egin izan dute. Aurten, ostera, Lekornera itzuliko da festibala. Antolatzaileek betidanik egin izan dute Ipar Euskal Herriko barnealdeko udalerrien aldeko apustu, "kostaldearen eta barnealdearen arteko eskaintza parekatzeko helburuarekin".

Hogeigarren edizioan, antolatzaileek proposatuko duten "Ametsezko Euskal Herrian" parte hartzeko deia luzatuko diete bisitariei. Gainerako jaialdien eskaintza komertzialetik aldendu, eta egitarau ezberdina eskainiko du EHZ jaialdiak.

Halaber, musika taldeei zuzendutako EHrZ lehiaketari helduko diote berriro. Oraingo honetan, Euskal Herriko muga gainditu, eta mundu mailara zabalduko da lehiaketa. Alegia, nahi duten talde guztiek hartu ahal izango dute parte, martxoaren 5era arte.

Epaimahaiak hogei talde hautatuko ditu, eta aurkeztutako abestietako bat grabatu egingo dute, kantu-bilduma bat osatzea xede. Gainera, horietako askok jaialdian aritzeko aukera izango dute.