Albisteak

Iragarpena

The Black Keys taldeak eten egin du Europako kontzertu-bira

L.Z. | eitb.eus

Otsailean eta martxoan eskaintzekoak ziren zuzenekoak atzeratu egin dituzte. Dirudienez, Bartzelonako Primavera Sound jaialdiko emanaldiak indarrean jarraitzen du.

The Black Keys taldeak otsailaren 16an hasi behar zuen kontzertu-bira Europan barrena. Hain zuzen, Turn blue zuzeneko diskoa aurkeztekoa zen aipatu biran. Dena dela, taldeak bertan behera utzi behar izan ditu emanaldietako asko, Patrick Carney bateria-jotzaileak bizkarrean duen arazo baten ondorioz. Hori horrela, atzeratu egin dituzte otsailerako eta martxorako aurreikusitako kontzertuak.

Agiri baten bidez, zera adierazi dute Carneyk eta Dan Auerbachek (ahotsa eta gitarra): ?Asko sentitzen dugu martxoaren 10era arteko emanaldiak bertan behera utzi behar izana. Patrickek denbora behar du osatzeko. Jarraitzaileei eskerrak eman nahi dizkiegu eskainitako babesagatik, eta ibilbideari berriz ekiteko irrikaz gaudela esan nahi diegu?.

Maiatzean Primavera Sound jaialdian arituko direla iragarri zuten duela egun batzuk, eta, oraingoz behintzat, indarrean jarraitzen du iragarpenak.