Albisteak

'Innocence + Experience' bira

U2k kontzertu gehiago iragarri ditu; horietako bat, Bartzelonan

L.Z. | eitb.eus

Hiru kontzertu baieztatu dituzte irlandarrek Kataluniako hiriburuan, eta baliteke laugarren emanaldi bat ere eskaintzea.

U2 taldeak bost kontzertu gehitu dizkio "Innocence + Experience" birari. Aurten mundu osoan zehar ibiliko dira irlandarrak, Songs of Innocence diskoko kantuak aurkezteko.

Ekainaren 3an Los Angelesen izango dira, eta New Yorken, Chicagon, Londresen eta Bartzelonan ere zuzenekoak eskainiko dituztela iragarri dute. Dena den, oraindik zehazteke dago azken lau emanaldi horiek noiz izango diren.

Orain arte bi kontzertu zeuden baieztatuta Kataluniako hiriburuan, eta, zenbait iturrik zabaldu dutenez, urriaren 9an izango da hirugarren hitzordua.

Bestalde, laugarren zuzeneko baten gaineko zurrumurruak ere zabaldu dira. Hartara, baliteke baieztatutako azken kontzerturako sarrera guztiak agortuz gero, U2 laugarrenez igotzea Palau Saint Jordiko oholtzara.

Bira

Maiatzaren 14an, Vancouverren hasiko dute bira, eta Ipar Amerika zeharkatu ostean, Europara iritsiko dira irailean. Turinen egingo dute lehenengo geldialdia, eta Amsterdam, Stockholm eta Berlin zapaldu eta gero, Bartzelonan entzungo dira Innocence + Experience birako abestiak.

Anberesen, Kolonian, Londresen, Glasgown eta Parisen ere izango dira Bono eta taldekideak, udatik aurrera.