Albisteak

Kontzertuen agenda

Hotza, elurra eta musika nagusi, asteburuan

L.Z. | eitb.eus

Besteak beste, Berri Txarrak, Su Ta Gar, El Drogas eta Gosariak izango dira asteburuan Euskal Herrian.

Negu gorriari kolorea ematea izango da asteburu honetako zereginetako bat. Horretarako, musika izango dugu lagun datozen egunetan.

LARUNBATA

Donostiako maratoia bukatuta, agertoki gainean ikusiko dugu berriro Berri Txarrak taldea. Kasu honetan, Atarrabian arituko da, Voltaia taldearen ostean.

Iruñean, Izalen emanaldia iragarri dute, eta Lodosan, El Drogas Rhythm and Blues Band taldearena.

Gipuzkoan ere izango da zer entzun. Donostian, adibidez, Lurrazpiko Festaren bigarren eguna dute. Horrez gain, Intxaurrondo Kultur Etxeak Salda Badago jaialdiaren lehenengo edizioa hartuko du, eta Doka doinu ilunez jantziko dute The Descent, NoDrama eta Kraussk taldeek. Eskoriatzan, ostera, doinu dantzagarriak nagusituko dira, Gosariak taldearen eskutik.

Bukatzeko, Governorsek zuzeneko diskoa grabatuko du Bilboko Santana 27 aretoan, eta SuTaGar eta Tutan Come On Igorren arituko dira.

Ezin aipatu gabe utzi The Beatles taldearen kantu mitikoenek Gasteiz bustiko dutela, Abbey Road ikuskizunari esker.