Albisteak

Bideoklipa eta abestia

Festa giroan eta musika lagun aurkeztuko dute bihar Ibilaldiaren kanta

L.Z. | eitb.eus

Bilbon izango da maiatzaren 31n Bizkaiko ikastolen aldeko jaia. Bihar, bideoklipa eta abestia aurkeztuko dituzte, eta hainbat kontzertu egongo dira.

Egun oparoa dute bihar Bilboko Harrobia elkartekoek, batez ere, arratsalde partean.

"Harro ibili" leloari eutsita egingo dute aurten Ibilaldia maiatzaren 31n, eta nahiz eta oraindik Bizkaiko ikastolen aldeko festak Bilbon zehar egingo duen ibilbidea aurkeztu ez duten, aurtengo edizioko kanta eta bideoklipa ordu gutxitan estreinatuko dituzte.

Aurkezpena bihar bertan izango da Harrobia ikastolan, 19:30etik aurrera. Dena den, Gaztean goizetik izango ditugu bideoklipa eta abestia.

Arratsaldean, berriz, aipatu ikastolan du hitzordua Ibilaldiak. Izan ere, bideoa eta kanta ofizialki aurkezteko, kontzertu akustikoak eskainiko dituzte hainbat musikarik. Sarrera doakoa izango da, eta Zea Mays taldeko Aiora eta Piti, Doctor Deseoko Francis, Karipen KDK-ko Yarey Jimenez, Rafa Rueda eta Audienceko Hannot igoko dira taula gainera.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Ibilaldia