Albisteak

Sari-banaketa

Ed Sheeran nagusi, Brit Awards sarietan

L.Z. | eitb.eus

Sam Smith, Royal Blood eta Paloma Faith ere saritu dituzte Londresen bart egindako ekitaldian. Dena den, Madonnaren erorikoak hartu du protagonismoa aurtengo galan.

Ed Sheeran abeslaria izan zen Brit sarietako irabazle nagusia. Erresuma Batuan banatzen diren musika sari garrantzitsuenetan, artista onenaren eta disko onenaren sariak jaso zituen. Horrenbestez, itzalpean utzi zuen Sam Smith, Grammy sarietako garailea.

Londresko O2 Arena pabiloian egindako galan, baina, Madonnaren erorikoak eman zuen zeresan handiena. Pop musikaren erregina ekitaldia ixteaz arduratu zen, eta "Living For Love" abesten ari zela, eskaileretatik erori zen, soinean zeraman kapa trabatu ostean.

Bestalde, ITV telebista-kateak hartutako erabakiak zeresan handia eman du azken orduetan. Izan ere, Kanye Westen emanaldiaren zati bat isildu zuen, berba gordinak saiheste aldera.

Smith eta Sheeran taula gainera atera ziren biak ala biak. Horixe bera egin zuten Take That taldekoek, George Ezrak eta Taylor Swiftek ere.

Gainerako sarituak

Sam Smithek bi sari eraman zituen etxera. Batetik, "arrakasta globalaren" golardoa jaso zuen, eta bestetik, debut kontzertu onenagatik saritu zuten.

Bukatzeko, Royal Bloodentzat izan zen britainiar talde onenaren saria, eta Paloma Faithentzat, artista britainiar onenarena.