Albisteak

Kontzertuen agenda

Euskal taldeek oholtzak astinduko dituzte asteburuan, eguzkia lagun

L.Z. | eitb.eus

Besteak beste, Miss Octubre, EH Sukarra, Eskean Kristo, El Drogas, Vendetta eta Mursego arituko dira asteburuan Euskal Herrian.

Eguzkiak bisita egin digu gaur ere, eta badirudi gure artean geratzeko asmoa duela hurrengo egunetan ere. Dena den, eguraldiak ez ezik, musikak ere hartuko du lekua datozen egunotan gurean.

LARUNBATA

Bilbon egingo dugu larunbatean aurreneko geldialdia. Iheskidek girotuko du Deustuko herriko taberna, eta Anestesiak eta Ossok, Kafe Antzokia. Horretaz aparte, O'funk'illok erritmo dantzagarriz jantziko du StageLive aretoa.

Bizkaian bertan, baina Erandion, EH Sukarrak joko du. Bukatzeko, Usansolok Eskean Kristo, En Tol Sarmiento eta Akerbeltz gonbidatuko ditu.

Aipatutakoak ez dira larunbateko zuzeneko bakarrak izango. Izan ere, Miss Octubrek kantu berriekin bustiko du Donostia, eta Mikel Urdangarinek horixe bera egingo du Tolosako Topic aretoan.

Horrez gain, Vendetta eta Emon Gasteizen arituko dira abestirik berrienak taularatzen, eta El Drogas, Valtierran.

IGANDEA

Bide Ertzeanen doinu lasaiek gernikarren musika egarria aseko dute igandean.

Amaitzeko, Napoka Iria eta Mursego ikusiko ditugu Zarautzen.