Albisteak

Kontzertuak

Seiurtek maiatzean hasiko du 'Ezpalak' diskoa aurkezteko bira

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Datorren hilabeterako, bost kontzertu iragarri dituzte. Tolosan, Gorlizen, Gasteizen, Zestoan eta Durangon arituko dira.

Seiurte laukote bizkaitarrak Ezpalak diskoa argitaratu berri du. Lan horretan bildu dituzten zortzi kantuetan, taldearen dohainak islatzen dira: doinu distiratsuak, oinarri instrumental sendoetan.

Martxoan bukatu zuten proiektu berria grabatzeko lana, eta Eñaut Gaztañagak ekoitzi du. Nahasketa-lanak, berriz, Estanis Elorzak egin ditu Donostian, Doctor Master estudioan.

Behin diskoa esku artean dutela, kontzertu-birari ekiteko prest da taldea. Hori horrela, maiatzetik aurrera, abesti berriak taularatuko dituzte Euskal Herriko hainbat herritan.

Maiatzaren 1ean, adibidez, Tolosako Bonberenea bisitatuko dute, eta maiatzaren 9an Gorlizen dute hitzordua. Hilaren 12an, berriz, Gasteizko Parral taberna girotuko dute, eta maiatzaren 15ean Zestoako gaztetxeko oholtzara eramango dituzte Ezpalak diskoko kantuak. Bukatzeko, maiatzaren 23an Durangoko Plateruena Kafe Antzokian izango dira.

Horiek dira oraingoz aurkeztu dituzten zuzenekoak.


>