Albisteak

Bira

Phill Ruddek ez du AC/DCren kontzertu-biran parte hartuko

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Hilketa-mehatxuak egin izana aitortu du AC/DC taldeko bateria-jotzaileak.

Iazko azaroan hasitako iskanbila bukatutzat eman dute. Orduan atxilotu zuten Phill Rudd AC/DC taldeko bateria-jotzailea Taraungan (Zeelanda Berria).

Hain zuzen, bi pertsona hiltzeko plan bat zuelakoan hartu zuten atxilo. Gerora, ordea, baretu egin zen ordura arte piztutako polemika, eta, itxuraz, kargurik gabe aske utzi behar zuten. Izan ere, ustez hilketa prestatzeagatik egotzitako salaketa bertan behera utzi zuten, frogarik ez zegoelako.

Nolanahi ere, Reuters albiste-agentziak azken orduetan zabaldu duenez, Zeelanda Berriko auzitegi baten erruduntzat jo du bere burua, eta hilketa-mehatxuak egin izana aitortu du Ruddek. Halaber, drogak zituela ere onartu du.

Zalantzarik gabe, Rudden aitorpenak eragina izan du AC/DCren kontzertu-biran, Phill Ruddek ez baitu parte hartuko talde australiarrak Rock or Bust diskoa aurkezteko eskainiko dituen kontzertuetan. Aspaldi iragarri genuenez, Espainiako Estatuan bi zuzeneko emango dituzte: lehena, maiatzaren 29an, Bartzelonan; bigarrena, ekainaren 2an, Madrilen.

Epaia

Azarotik baldintzapeko askatasunean dago Rudd. Dena den, ekainaren bukaeran ikusiko da zein zigor jartzen dioten AC/DC taldeko bateria-jotzaileari. Errudun dela aitortu ostean, ekainean ezagutaraziko dute behin betiko epaia.

epaia.